Zer dela erabaki zenuten dokumentala egitea?
Pare bat urte daramatzat Herri Kirolak sustatzen dituen Gernikako Sustabiz Fundazioarekin elkarlanean, argazkiak zein bideoak atera eta sare sozialak eramaten. Bertako lana dela bide, Bizkaiko Herri Kirol Federaziotik eskaera hau egin zidaten. Beraz, nire lagun eta sarri, lankide den Ander Elorduiri lana burutzeko laguntza eskatu nion. Helburua, Bizkaiko hiru sokatira talderi; Abadiño, Gaztedi eta Goiherriri, erreportaje bana egitea zen. Beraz, proiektuari baietza eman eta erronka gogoz hartu genuen.
"Helburua, Bizkaiko hiru sokatira talderi; Abadiño, Gaztedi eta Goiherriri, erreportaje bana egitea zen. Beraz, proiektuari baietza eman eta erronka gogoz hartu genuen"
Nolakoa izan da prozesua?
Oso prozesu polita izan da. Azaroan hasi eta otsailera bitarte buru-belarri aritu gara Ander eta biok, preprodukzioko antolaketa lanak, grabaketak eta ondorengo edizioekin. Lehenik, Abadinon izan ginen, ondoren, Gaztedin eta azkenik, Goiherrin, eta hiru taldeek eman diguten harrera ikaragarria eta eskertzekoa izan da.
Zein izango horiei emango diozuen bidea, nonbaiten aurkeztuko dituzue?
Bizkaiko Herri Kirol Federazioaren eskaera bat izanik, euren barne proiektu bat bideratzeko izan da. Eskolaz-eskola, umeengan, sokatirarekiko kontzientzia sortu eta sustatzeko sortu dira hiru bideo hauek. Abadinon, Goiherri eta Gaztedi sokatira taldeak ezagutzera eman eta hauek izan duten ibilbidean sakontzeko aukera paregabea izan da. Bestetik, taldeek ere euren artean zein sare-sozialetan partekatzeko erabili izan dituzte bideoak. Oso eskertuta gaude bideoek izan duten harreragatik, eta harro, guk egindako lanagatik, baina ez dugu inon aurkezteko asmorik.
Anekdotaren bat edo ikasitako zerbait?
Esan bezala, prozesu polita bezain aberasgarria izan da. Hiru taldeak ikaragarriak dira, lantzen dituzten balore eta osatzen duten lantaldeagatik. Sokatirarekiko erakusten duten pasioa sekulakoa da. Kirol honek, esfortzu eta konstantzia handia eskatzen duen arren, bete-betean asmatzen dute hau elkarrekin gainditzeko bidearekin. Taldearekiko erakusten duten elkartasun eta laguntasuna oso berezia da, familia bat bailitzan. Beraz, oso eskertuta gaude, bide honen parte izan garelako.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!