Aurrekontua handitzearen arrazoi nagusia hasieran aurreikusi gabeko obra berriak sartzea izan omen da: Galindoko kaiak urbanizatzea, Barakaldoko ertzean, hain zuen ere. Jarduera hori Aldundiak eta Bilbao Ria 2000k ingurune hori birsortzeko martxoan sinatutako hitzarmenaren ondorio da, baina orduan, inplikatutako arduradunek ez zuten jakinarazi dirua zuzenean bideratuko ziotenik zubiaren eraikuntza-enpresari, lehiaketa publikorik gabe.
Kontratu-dokumentuak atzerapenerako beste arrazoi bi ere aipatzen ditu: batetik, nabigazio-kanalaren ondoan dauden pilen defentsak kentzea, eta, bestetik, hasiera batean aurreikusitako in situ piloteen ordez estribuen zimenduak egiteko pilote aurrefabrikatuak jartzea. Aldaketa bakoitzak aurrekontuari eta egutegiari zenbat eragiten dion ez dute zehaztu.
Bitartean, Mike Schlaich ingeniari alemaniar ospetsuak diseinatutako zubiaren zimenduetan zentratuta jarraitzen dute obrek. Zubiaren diseinuak taula mugikor bi izango ditu, itsasontzi handiak itsasadarretik igaro daitezen zubia ireki ahal izateko.
Erandioko moilako parkea handitzeko aurretiazko lanak daborduko hasiak dira, eta etorkizuneko instalazio elektrikoetarako eta zubiaren kontrolerako azterlanak egiten ari dira. Galindoko kaia, berriz, Bizkaiko Labe Garaiak hartu zituen eremua, 2019tik dago itxita segurtasun arrazoiengatik.