Konorterik Gabe kuadrilla: "Jaiak Astrabuduaren isla dira"

Ander Zarraga 2025ko abu. 5a, 10:35

Konorterik Gabe lagunarteko kideak iazko jaien hasierako kuadrillen jaitsieran.

Konorterik Gabe kuadrillak bigarrenez jarraian irakurriko du pregoia eta botako du txupina Astrabuduko sanlorentzoetan. Nola bizi dituzte jaiak gazte hauek?

Iaz berriro irabazi zenituzten Astrabuduko kuadrillen olinpiadak, zein da zuen sekretua?

Guretzat izugarria izan da Astrabuduko olinpiadak bi alditan irabaztea. Sekulako poztasun eta harrotasuna sentitu genuen gure auzo guztiaren aurrean pregoia zabaltzerakoan. Ez dugu inolako sekreturik, soilik gure kuadrillako laguntasun giroa eta urteetako ilusio bukaezina.

"Guretzat izugarria izan da Astrabuduko olinpiadak bi alditan irabaztea. Sekulako poztasun eta harrotasuna sentitu genuen gure auzo guztiaren aurrean pregoia zabaltzerakoan"

Prest daukazue aurtengo jaietarako pregoia?

Aurreko urteko pregoia, gogoratzen baduzue, ikaragarria izan zen: Ulpiano balkoitik bota eta adierazitako mezuan 10 urtez gure barnean gordeta genuena adierazteko pregoia izan zen. Horregatik, lan handia zeraman. Aurtengoa, aldiz, ezberdina izango da, baina esan beharra daukagu berriro ere sorpresa desberdinak egongo direla. Baina argi eduki paregabea eta aparta izango dela; xehetasun batzuk falta zaizkigu, baina ideia eta mezua egonkortuta daude.

Ez zarete gazteenak, belaunaldi berriei kalea falta zaie oraindino?

Ez dugu uste, gu ere gazteago izan ginen. Gazteagoa zarenean zailtasun nabarmenak aurkitzen dituzu, bereziki ekonomikoak direnak. Egia da dirua beharrezkoa dela, adibidez, jaitsierako karroza eta playbacka egiteko. Baina horrek ez du esan nahi gutxiago direnik baizik eta denborak, esperientziak eta bakoitzaren ekonomiak asko markatzen duela.

Dena dela, guztion parte hartzea ezinbestekoa da jaien esentzia hori galdu ez dadin. Kasuistika asko daude: denbora falta, udan zehar jaietan konpromisoa hartzea zaila dela, festak, gauzak egiteko lekua…

Zuen kuadrillak 10 urte baino gehiago ditu, nola gogoratzen dituzue zuen lehen jaiak?

Gure lehenengo jaiak bereziak izan ziren. Genuenarekin, nahiz eta gutxi izan, froga guztiak atera genituen. Emaitzak ez ziren onak izan, baina garrantzitsua auzoarekin egun horiek elkarbanatu eta ondo pasatzea ziren. Gaur egun, helburu berdina mantentzen dugu.

Eta etorkizunean, nolakoak izango dira Astrabuduko sanlorentzoak?

Pixkanaka-pixkanaka zailago egiten zaigu karroza eta abarrekoak egitea. Bakoitzak bere bizitza darama eta guztiok batzea ez da erraza. Baina argi dugu, ahal dugun heinean, Konorterik Gabe kuadrilla historian zehar iraungo duela eta parte hartuko duela.

"Guztion parte hartzea ezinbestekoa da jaien esentzia hori galdu ez dadin"

Auzoko jaiek Astrabuduko izaera islatzen dutela esango zenukete?

Astrabuduko jaiak bakarrak dira; auzoko jendeak transmititzen duen xumetasun eta giro onagatik. Jaiak auzoaren isla dira: euskaldunak, xumeak, benetakoak eta poztasunez beterikoak.

Zer da jaietatik gehien eta gutxien gustatzen zaizuena?

Azkeneko urteetan pregoiaren protagonistak izatea. Ezin dugu hitzekin adierazi plaza aurrean sentitzen ditugun emozioak. Baina, orokorrean, bost egunetan zehar auzoko jendearekin hitz egitea, barre egitea, tragoak edatea… orokorrean poztasunez beteriko momentuak pasatzea.

Gutxiena, askotan eman daitezkeen istilu desberdinak. Esan beharra dago auzoko jendeak ez duela horietan protagonismorik izaten, baina beti agertzen dira saihestu eta kondenatu beharreko gertakizunak.

Aurten berriro irabaziko duzue ala jubilatzeko prest zaudete?

Guretzat amets bat izan da kuadrillen olinpiadak irabaztea, eta hori birritan lortzea izugarria izan da. Aitortu beharra dugu lehenengo olinpiadak irabazi arte konpetentzia puntu hori barnean genuela, eta hori ez da ona, baina pentsa ezazu, gure ametsa hori zen, eta lortzeko nahia oso handia genuen. Behin lortuta, berdin zaigu irabazi edo ez.

Gure ustez, ez dago irabazle edo galtzailerik; guztiok gara irabazleak eta garrantzitsuak Astrabuduko sanlorentzoak zentzua izan dezaten. Polita da irabaztea, baina ez garrantzitsuena.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun