URAk Altzaga arrisku handiko uholde-eremutzat jo du

Ander Zarraga 2025ko ira. 12a, 11:36

Marea bizien ondorioz itsasadarrak gainezka egin ohi du Erandion, baina baldintza meteorologikoek eta zubia eraikitzeko lanek egoera asko okertu zuten iazko martxoan. © UHOLDEEN KALTETUTAKOEN KOORDINAKUNDEA

Uraren Euskal Agentziak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren uholde-arriskuen mapak (MAPRI) eguneratzeko prozesua abiatu du, eta datuek agerian utzi dute Erandioko Altzaga auzoa "arrisku handiko" eremua dela. Uholdeak 100 urtetik behin gertatzean espero beharrean, 10 urtean behin gertatuko direla aurreikusten da.

Altzagan, orain arte 100 urteko maiztasuneko arrisku gisa sailkatutako uholde-arriskua 10 urtera jaitsi du URAk (Uraren Euskal agentzia), hau da, arrisku maila ertainetik handira pasa da. Horrek esan gura du udaletxea hartzen duen auzoko 8.200 bizilagun inguru kaltetzeko arrisku zuzenean dutela, itsasadarraren mareen ondorioz.

Erandioko Auzokideok Erandio Bizirik, eta uholdeek kaltetutakoen plataformak balorazio positiboa egin du arrisku-maila eguneratzeak administrazioei neurri babesleak diseinatzera eta gauzatzera "premiaz" behartzen dielako. Hala ere, gogorarazi dute neurri horiek aspaldi hartu behar izan zituztela, "itsasoaren mailaren igoeraren aurreikuspenak eta azken urteetako uholdeek egoera larriaren abisu argiak eman baitzituzten".

Horregaz batera, adierazi dute euren kezka nagusietako bat da Bizkaiko Foru Aldundiak Altzagan egiten ari den bidegorri eta pasabide berriak ez dituela uholde-arriskuen irizpide berriak kontuan hartu. Izan, ere 2024ko martxoan, lan horien ondorioz auzoan hainbat kalte eragin omen zituzten uholdeak izan zirela gogoratu dute.

"Pozik gaude URAk administrazioaren makineria martxan jarri duelako herria etorkizunean defendatuko duten neurriak martxan jartzeko", adierazi dute plataformako kideek eta gaineratu dute orain, Aldundiaren obren kotak aldatu behar direla, "obra horiek ez baitatoz bat arrisku horregaz eta klima-aldaketari buruzko lege-araudian adierazitakoagaz".

Asua ere arriskuan

Asuko kasuan, berriz, uholde-arrisku handiko eremu historikoak bere horretan jarraitzen du, auzokideen arabera, "ez baita inolako hobekuntza hidraulikorik gauzatu". Asua ibaiaren adarra den Giltxa errekaren azken gainezka egitea eta inguruan bizitako egoera larria gogoratu dituzte auzokideek, eta klimatologiak egoera are larriagoa egingo duela ohartarazi dute. Hori dela eta, Altzagan zein Asuan berehalako neurriak eskatu dituzte, bai ibaiertzen defentsan, bai egungo azpiegitura-lanak uholde-arrisku berrietara egokitzeko.

URAren arabera, eguneratutako mapa hiru hilabetetan sartuko da indarrean, eta hortik aurrera eremu gorrian egongo diren eraikin berriek segurtasun-kotetan eraiki beharko lirateke. Halaber, agentziak iragarri du mareógrafo bat jarriko duela Erandion, arriskua denbora errealean neurtzeko.

Dena den, itsasoaren igoera etengabea izango da, eta datozen urteetan eragina areagotu egingo da. Horrek "erakundeen arteko ekintza koordinatua" eskatuko duela azpimarratu dute, bai defentsa-obrak diseinatzeko, bai etxebizitzak babesteko eta, behar izanez gero, eraikin batzuk arriskutik kentzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun