Ohar bidez jakinarazi dutenez, Erandio eta Barakaldo arteko All Iron zubiak eta itsasadarreko bulebarrak aipatutako legea urratzen dituzte, "ez dituztelako txertatu bertan adierazitako arrisku-balorazio eta klima-aldaketara egokitzeko nahitaezko ekintzak".
Salaketan zehaztu dute 7/2021 Legeko 21. artikuluak adierazten duela proiektu guztiek nahitaez hartu behar dutela kontutan klima aldaketa, lurralde- eta hirigintza-plangintzan eta -kudeaketan, bai eta hiri-inguruneko esku-hartzeetan, eraikuntzan eta garraio-azpiegituretan ere. Beraien esanetan, arestian aipatutako proiektuek "ez dute lege horretan adierazitakoa lantzen duen atal, azterlan edo txosten espezifikorik eranskinetan".
"Legearen ez-betetze horren eraginez, obra horretan Altzagako hiri-eremuko defentsa-kaiaren kota jaitsi egin zuten, eta horrek itsasadarreko gainezkatze-puntuak aldatu ditu eta uholde-arriskua eta -ahalmena larriki areagotu ditu, Erandioko udal-arkitektoak bere ondorioen txostenean berretsi duen bezala, in situ gainezkatzeetako bat ikusi ondoren. Zehazki, 2024ko martxoaren 12koa", ondorioztatu dute koordinakundeko kideek. Halaber, gaineratu dutenez, espero dute goragoko administrazioek Aldundia behartu egingo dutela "zuzendu gura izan ez duen arrisku eta zabarkeria egoera horren aurrean jardutera."
Horregaz batera, ohartarazi dute uholde-arrisku larria suposatu dezakeela eta, hori ekiditeko, beharrezko neurri eta azterketak egitera deitu ditu arduradunak. Era berean, erreklamatu dute "dolozko balizko zabarkeria horrek kaltetutako pertsonei" eragindako kalteak ordaintzea eta erantzukizunak argitzea.