Elkarrizketak

Jose Luis Orozko 'Txelis': "Konpetiteko klub gihau behar diz, horrek barik selekzinorik be ez dogu eukiko"

Ander Zarraga 2025ko urr. 29a, 14:22

Goiherri Sokatira Taldea 1977an sortu zuenetako bat da Txelis. Ordutik, taldea nazioarteraino gidatu du, baina auzoko nortasuna galde gabe.

Goiherrin beti egon da sokatira, jaietan-eta beti ibiltzen ginen, eta taldea sortu gendun, serio hasteko eta, ordutik, urte bat falta barik egon naz hamen", azaldu du Txelisek. Gaur-gaurkoz, Goiherrikoak lur gainean aritzen dira txapelketetan; hala ere, hasieran, goman ere aritzen zirela gogoratu du, baina dioenez, oso desberdinak dira bata bestearengandik, teknikoki, entrenatzeari dagokionez eta azpiegitura aldetik, eta bietan aritzeko "urte guztia egon behar da, baina jente nekatu eiten da". Hain zuzen ere, bere hitzetan hori da gaur egun Euskal Herrian sokatirak duen arazorik larriena: lehiatzeko taldeak falta direla. "Lastima da, hiru talde bakarrik gagoz: Mutriku, Gaztedi eta gu. Lehen, bederatzi egoten ziren, baina sokatira sakrifizio handi da".

Sokatira ez da itsu-itsuan indarragaz egiten den kirola, "lesioak ebitateko gorputza ondo prestatu eta teknika landu behar da, eta hoberena gaztetatik hastea da". Hartara, Erandioko eta inguruko herrietako gazteak dituzte, eta udalerriko ikastetxeetan jardunaldiak ere egiten dituzte gehiago erakartzeko: "Hau zer dan erakutsi eta ekarri".

Sokatira joko olinpikoa izan zen XX. mendearen hasieran, eta, gaur egun, Nazioarteko Olinpiar Batzordeko kirola da. Goiherrikoak sarritan lehiatu dira nazioarteko txapelketetan, bai taldeka, bai Euskal Selekzioagaz; azkenekoz irailaren hasieran, Ingalaterran, eta guztira lau domina ekarri zituzten etxera. "Kirol honek aukera emoten dau hortik kanpora joateko, munduko txapelketa batera, Basque Country taldeagaz, alemanakaz eta ingelesakaz eurek bezala konpetitzeko".

Txelisek azaldu du berari sokatik sufrimendu asko eman diola, "baina poztasunak askoz gehio". Kontatu duenez, berari zoriontasun handiena ematen diona da umeak entrenatzen eta ikasten ikustea, "kateari eustea", beraiek baitira taldearen etorkizuna. Gainera, gazteek ez dute aukera askorik lagunak egiteko Goiherrin, eta sokatirak hori ere ematen diela azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun