Lutxana-Asua errepidean kokatuta dagoen enpresa da Befesa, eta aluminioagaz lan egiten du. Antza denez, sutea tobera batean piztu da, barruan zenbait material ezberdin zituelarik. Kalte handirik sortu ez dituen arren, ke-inhalazioagatik pertsona bat artatu behar izan dute, Segurtasun Sailak adierazi duenez.
Sua daborduko kontrolatuta dago, baina suhiltzaileek ez dute oraindik itzaltzen lortu, erretako materialen ezaugarriak direla eta. Une honetan, hozte-lanak egiten ari dira, erre diren produktuak beren kabuz kontsumitu arte.
Hainbat urteetako borroka
Dirudienez, ez da horrelakorik gertatzen den aurreneko aldia; izan ere, inguruko bizilagunek aspalditik salatu dute airean metal toxikoak daudela. Befesa industria-hondakinen kudeaketan espezializatutako multinazionala da, eta aluminioaren ekoizpenean sortzen diren hondakinak birziklatzeko prozesuak gauzatzen ditu.
Era berean, Erandioko Auzokideok Erandio Bizirik plataformak behin baino gehiagotan salatu du fabrikak kutsadura handia sortzen duela. Kasua auzitegietara eramatea lortu badu ere, agintari eskudunak oraindik ez dituzte egoeraren berri eman, nahiz eta azken auto judizialean kontrakoa erabaki, horrela adierazi dute bertoko bizilagunek.
Suteak eragindako kea itsasadar osoan nabaritu da, eta beraz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko teknikariak enpresako instalazioetara bertaratu dira kutsadura-maila zein sortutako ke-hodeiak baimendutako toxikotasun-balioak gainditzen dituen neurtzeko.
