Elkarrizketak

Erandiogoikoko jai-batzordea: "Jaiak aniztasuna besarkatzeko egokitu dira"

Laura Fontalba Colomo · Ander Zarraga 2026ko ekainaren 5a

Beste urte batez, Gorpuzti jaiak gogoz eta berrikuntzaz beteta heldu dira ekainaren 4tik 7ra. Aurtengo festak nolakoak izango diren jakiteko elkarrizketa egin diegu jaiak antolatzeaz arduratzen diren herritarrei; aurreratu digutenez, kultur eskaintza zabala izango dute, tradizioa eta aniztasuna batuz.

Hemen duzu jaietako egitaraua baita.

Aurten ere lau eguneko egitaraua dakarzue. Berritasun edo sorpresaren bat egongo da?

Egitarau nagusiak betikoari eutsiko dio, azken finean, argi geratu da urteen poderioz herritarrei formatua asegarri zaiela. Hala ere, aurten berrikuntza txiki batekin gatoz, kontzertu handia dakargu: Gozategi taldea egongo da zapatuan. Gainera, domekan, jaiei amaiera emateko umeentzako ikuskizun berezia ekarriko dugu: Ministro Pisto ikuskizuna Txintxeta, Txorroskilo eta Borragoma pailazoen eskutik!

Nolakoa da Erandiogoikoko jai-batzordea?

Gaur-gaurkoz 14 neskek osatzen dugu, batzuk 10 bat urteko esperientziadunak dagoeneko eta beste batzuk orain dela gutxi taldean sartu berriak. Adin ezberdinetakoak izanagatik ere betidanik ezagutzen dugu elkar eta herriaren izaera ere ondotxo ezagutzen dugu guztiok; horrek asko errezten du lana eta koordinazioa.

Aurtengo berrikuntzak: "Kontzertu handia dakargu: Gozategi taldea egongo da zapatuan. Gainera, domekan, jaiei amaiera emateko umeentzako ikuskizun berezia ekarriko dugu: Ministro Pisto ikuskizuna Txintxeta, Txorroskilo eta Borragoma pailazoen eskutik!"

Nola deskribatuko zenituzkete Gorpuzti jaiak?

Uste dugu Gorpuzti jaiek festa herrikoien kutsua mantentzen dutela: tradizioz herrian egin izan denari eusten diote, eta aniztasuna besarkatzeko egokitu dira.

Zer da jai-batzorde bezala gehien gorroto eta gehien gustatzen zaizuena?

Gehien gustatzen zaiguna gure herriko jaiez gozatzeko ematen digun ikuspuntu bikoitza da: herriak gozatu dezan lan egitea eta, aldi berean, gure auzokideekin batera gozatzea. Gorrotagarriena, zalantzarik gabe, jaien osteko kudeaketa da. Jaietako euforia guztiak edozein eginbeharretan topera ibiltzeko erregai nahikoa ematen digu, baina jaiak bukatutakoan, egin beharreko kudeaketa guztiekin arrastaka gabiltzala ematen du, puxika lehertuta bezala.

Baliabide gehiago izanez gero, zer gustatuko litzaizueke egitea jaietan?

Gaur egungo merkatu kulturala ikusita, baliabide gehiagok kultur eskaintza zabalagoa emateko aukera emango liguke, zalantzarik gabe. Hala ere, ez dugu uste jaien eskeletoa gehiegi aldatuko genukeenik.

Hurbilduko diren herritarrentzako mezuren bat?

Ondo pasatzera eta jai herrikoi hauetaz gozatzera etor daitezela. Eta, batez ere, haien ekarpena egin dezatela gure jai gunea eremu seguru eta inolako erasorik gabekoa izan dadin. 

Erlazionatuak

Erandiogoikoko Gorpuzti jaien egitaraua

Laura Fontalba Colomo eka 05, 14:08 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun