Azaldu dutenez, Asua biztanle gutxiko gunea izan arren, arazoak eragin zuzena du inguruko auzoetako eta industrialdeetako pertsona askorengan. Halaber, ibilgailuen joan-etorri handia dela eta, gidariek eurek ere arrisku-egoerak pairatzen dituztela nabarmendu dute.
Auzotarrek eta langileek adierazi dute ez dutela gidariak erruduntzat jo gura, baizik eta bidegurutze horren diseinuak eta seinaleztapen eskasak arriskua areagotzen dutela. Haien arabera, biribilgunearen ondoko zebra-bidea ia ez da ikusten, eta edozeini gerta dakioke ez ohartzea. Horregatik, semaforo bat, abiadura murrizteko elementuak, seinaleztapen hobea edo antzeko neurriak ezartzea eskatu dute, oinezkoen pasabidea seguruagoa izan dadin.
Orain hasi duten protestagaz batera, kartel aldarrikatzaileak eta bestelako ekintzak egingo dituztela iragarri dute. Aurretik ere sinadura-bilketa egin zuten, eta 734 atxikimendu eta 14 enpresaren babesa jaso zituztela azaldu dute. Elkartearen esanetan, eskaera bakarra da: "pasabidea segurua izatea".
Auzokoa Herrikoi Elkarteak erakundeei "entzuteko" eskatu die, eta ohartarazi du auzia ez dela "diseinu edo gustu kontu bat", baizik eta pertsonen segurtasunagaz lotutako premiazko arazo bat. "Ez dugu hurrengo istripua heriotzagaz amaitu arte itxaron gura", adierazi dute, eta herritarrei enpatia eskatu diete: egunero bertatik eskolara doazen umeak, pasatzeko denbora gehiago behar duten adinekoak, langileak eta behin baino gehiagotan sustoa hartu duten auzotarrak gogoan hartzeko.