Algortan gertatutako eraso homofoboa salatuko dute gaur

Iker Rincon Moreno 2015ko api. 7a, 13:05

Atzo arrastian eraso homofobo bat gertatu zen Algortako jatetxe batean, Kitzikan sexu askapenerako elkarteak zabaldu duenez. Iturri berberen arabera, elkarte horretako kide bat modu bortitzean kolpatu zuten, eta zaurien ondorioz erietxera eraman behar izan zuten. Eraso hori salatzeko, Kitzikanek elkarretaratzea deitu du gaur arrastirako, 20:00etan, Algortako Telletxe plazan. Getxoko eta Uribe Kostako hainbat eragilek eta alderdi politikok bat egin dute deialdi horregaz; Itzubaltzetako Sare Antifaxistak, Uribe Kostako Ernaik, Algortako Bilgune Feministak, Eusko Alkartasunak, Gazte Abertzaleek, Ikasle Abertzaleek, EH Bilduk, Sortuk eta Aralarrek, besteak beste.

Sexu askapenerako elkarteak zabaldutako oharraren arabera, atzo arrastian, talde horretako kide bati eraso egin zioten Algortako Bikain jatetxean zegoela.

"Algortako eta Euskal Herriko kaleak, matxista eta homofoboentzako kale arriskutsuetan gura ditugu bihurtu", adierazi dute Kitzikanekoek.

Uribe Kostako Kitzikanek zabaldutako oharra:

"Garai honetan, non leku desberdinetatik sexismoaren kontrako aldarriak ozen zabaltzen diren, bereziki larria ikusten dugu gurean eraso homofoboak gertatzea. Neurri handi batean, erasoa, erasotzailearen ardura den bezala, sistema matxista eta homofobo honen  ondorioa ere bada.

Kitzikan Uribe Kostatik, eraso hau eta matxismoarekin, faxismoarekin edo arrazakeriarekin lotura duen edozein eraso bueltan itzultzeko deia egiten dugu. Disidente sexualok eta jendarte kolektibo gutxituok, ezin dugu beti ezeren esperoan egon. Antolatzeko, borrokatzeko, eta edozein eraso homofobo, matxista, faxista edo arrazistari erantzuna emateko bagara kapazak.

Algortako eta Euskal Herriko kaleak, matxista eta homofoboentzako kale arriskutsuetan nahi ditugu bihurtu. Horrekin, arratsaldeko 20:00etan Algortako Telletxe plazan izango den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatzen dugu."

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun