Mikel Moreno algortarra eta beste zazpi auzipetuak Auzitegi Nazionalean daude daborduko

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 28a, 10:24
Mikel Moreno eta beste zazpiak Audientzia Nazionalaren atarian.

Mikel Moreno "Peyejo" algortarra eta beste zazpi gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean daude daborduko. Eurakaz batera Euskal Herriko 50 bat lagun hurbildu dira Madrilera euren elkartasuna adierazteko; Madrilgo bertako jendea ere babesa adieraztera hurbildu dela jakinarazi dute epaitutako gertukoek. Morenogaz batera, Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetaria eta Ernaiko gazte erakundeko beste sei kide epaituko dituzte gaur. Gazte mugimenduko kide horiek honako hauek dira: Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda eta Garazi Mugertza. Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa gainontzeko auzipetuakaz batera epaituko ez dutela jakinarazi dute. "Terrorismoari gorazarre egitea" egotzita, 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigor bana eskatu dute Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak. Hasiera batean, epaiketa maiatzaren 28an eta 29an izatea aurreikusi zuten, baina azkenean, Angela Murillo epaileak prozesua egun bakarrean egitea erabaki du.

Auzipetuei babesa adierazi eta adierazpen askatasunaren alde egiteko hainbat dinamika jarri dituzte martxan azken hilabeteotan auzipetuen herrietan. Berbarako, Salegi Topatuko kazetariari babesa adierazteko eta indarrean jarri nahi duten Mozal Legeari aurka egiteko martxan jarritako Kazetaritza ez da delitua dinamika.

Algortan egindako bideoak:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun