Mikel Moreno "Peyejo" algortarra eta beste zazpi gazteak Espainiako Auzitegi Nazionalean daude daborduko. Eurakaz batera Euskal Herriko 50 bat lagun hurbildu dira Madrilera euren elkartasuna adierazteko; Madrilgo bertako jendea ere babesa adieraztera hurbildu dela jakinarazi dute epaitutako gertukoek. Morenogaz batera, Iraitz Salegi Topatu.info-ko kazetaria eta Ernaiko gazte erakundeko beste sei kide epaituko dituzte gaur. Gazte mugimenduko kide horiek honako hauek dira: Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda eta Garazi Mugertza. Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa gainontzeko auzipetuakaz batera epaituko ez dutela jakinarazi dute. "Terrorismoari gorazarre egitea" egotzita, 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigor bana eskatu dute Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak. Hasiera batean, epaiketa maiatzaren 28an eta 29an izatea aurreikusi zuten, baina azkenean, Angela Murillo epaileak prozesua egun bakarrean egitea erabaki du.