Jose Luis Bilbao proposatu dute EAEko Kontu Auzitegirako

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 15a, 12:45

Jose Luis Bilbao Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteari begira, artxiboko irudian.
Euzko Alderdi Jeltzaleak Jose Luis Bilbao jarduneko Bizkaiko ahaldun nagusi getxoztarra EAEko Kontu Auzitegiko kide izan dadin proposatu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, alderdiak jakinarazi duenez. EAJk idatziz sartu du eskaera parlamentuko erregistroan, Legebiltzarrak Jose Maria Gorordo Bilboko alkate ohiaren ordezkoa aukeratzean Bilbao kontuan hartu eta bozka dezan.

Jose Maria Gorordo ez ezik Kontu Auzitegiko beste kide bi ordezkatzea eskatu dute jelkideek: Begoña Marijuan eta Eusebio Melero. Biak dira erakunde horietako kideak, baina agintaldia amaitzear dutenez berriz aukeratzea eskatu du EAJk.

Jose Luis Bilbaok pasa den irailaren amaieran iragarri zuen ez zela berriz ere aurkeztuko Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. Hizketaldi hark zeresan handia eragin zuen, Bilbaok ulertzera eman baitzuen hamaika ustelkeria kasu ezagutu arren ez zuela horien berri emango. Geroago zehaztu zuen legediak informazio hori ematea debekatzen diola.

Hautagaien curriculumak

Jose Luis Bilbao Zientzia Ekonomikoetan lizentziatuta dago Euskal Herriko Unibertsitatean (Sarrikon), eta administrazio publikoan hainbat ardura izan du, batez ere, kudeaketa eta ekonomiaren kontrolaren alorretan. Besteak beste, 1983 eta 1987 urteen artean, Gastu Publikoaren eta Ogasun Departamentuko Finantzen zuzendari izan zen; hurrengo lau urteetan, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren Idazkari Nagusi izan zen, bai eta aurrekontuen koordinatzaile nagusia ere. 1991-1995 legegintzaldian, Ekonomiaren Sustapenerako Diputatu izan zen, eta, 2003tik gaur egun arte, Bizkaiko Ahaldun Nagusi. Bilbao Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoko eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren ordezkari ere izan da, besteak beste.

Eusebio Melero Zuzenbidean lizentziatuta dago eta masterra dauka Giza Baliabideen Kudeaketa eta Garapenean. Bere ibilbide profesionalari dagokionez, EAEko Administrazioko Goi-Mailako Kidegoko funtzionarioa da. Beste hainbat karguren artean, nabarmentzekoak dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zerbitzu zuzendaria (1991-1999), Bilboko Udaleko Gizarte Ongizate Saileko eta Giza Baliabideen Zerbitzuko zinegotzi-ordezkaria (1999-2003), Bizkaiko Foru Aldundiko Herri-lan eta Garraio foru diputatua (2003-2007) eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko Kontseilaria (2007-gaur egun).

Begoña Marijuan, berriz, Zientzia Ekonomikoetan eta Enpresaritzan lizentziatua da, eta bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan eta administrazio publikoan egin du. Besteak beste, auditore lanetan aritu da Coopers y Lybrand enpresan eta Eusko Jaurlaritzako zenbait departamentutan lan egin du, esaterako: Ogasun eta Finantzien Departamentuko Kontu-Hartzailetzako Zuzendaritzan; Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumeneko Departamentuaren Zerbitzuen Zuzendaritzan; eta Osasun Saileko Plangintza eta Erregimen Ekonomikoko Zuzendaritzan. 1991 ezkerotik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun