Popularrek epaia onartzen zutela azaldu zuten, nahiz eta bost auzipeturen kontrako zigorra murriztu izana kritikatu zuten. PSE-EEkoek, aldiz, Auzitegi Nazionalaren erabaki batzuen “zentzugabekeriak nabariak diren arren”, ez zuten EH Bilduren testua sinatu, “ez baitzaie gustatu”, koalizio soberanistak jakinarazi duenez.
Jeltzaleek, bere aldetik, testua partzialki konpartitu arren, alde batzuk onartzen ez dituztela eta barikuan Urkullu lehendakariak Legebiltzarrean emango duen erantzunagaz bat egingo dutela adierazi zuten. Zabaldutakoaren arabera, “Getxon baino, nazio mailan hartutako akordioa izan beharko luke”.
GUK-eko ordezkariak, ostera, mota horretako erabakiak herri batzarretan hartzen dituztela azaldu zuten. Hala, eguenean egingo duten bileran aurkeztuko zutela adierazi zuten.
Getxoko EH Bilduk aurkeztutako testua:
1-. Auzitegi Gorenaren epaia ez dator bat Euskal Herriak bizi duen egoera eta nahiarekin, bakerako eta elkarbizitzarako oztopoa da.
2-. Epaiaren motibazioa politikoa da, herri honen herritar batzuen eskubide zibil eta politikoak, eta biltzeko eta antolaketarako askatasunaren kontrakoa da.
3-. Salbuespeneko legedia bertan behera geratu behar da giza eskubideen kontrakoa delako.
4-. Gorrondatxe eta Branka elkarteetan biltzen ziren getxoztarrok legeari eta euren eskubideei jarraituz biltzen ziren eta jokabide hori ezin da legez zigortu.
5-. Epai berdinean zigortu dituzten bi getxoztar berehala zigorrik gabe uztea exijitzen dugu euren ekintza politikorako eskubideek horrela eskatzen dutelako.
6.- Getxoztar guztiok deitzen ditugu adierazpen askatasuna eta eskubide politikoen alde egiten diren mobilizazioetan parte hartzera.
7-. Getxoko alkatea, getxoztar guztion ordezkaria den heinean, adierazpen honen berri bideratuko dio Auzitegi Gorenari eta Espainiar gobernuari.