Espainiako Auzitegi Gorenak “herriko tabernen” aurkako epaia berretsi du

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 18a, 15:48

Espainiako Poliziak Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkartearen taberna miatu zuen 2010ean, artxiboko irudia.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren sententzia eta 107 “herriko taberna” konfiskatzeko agindua berretsi ditu Auzitegi Gorenak gaur emandako epaian. Era berean, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez, Joseba Permach eta Karmelo Landaren helegiteak partzialki onartu eta urtebete eta hamar hilabetera murriztu die espetxe zigorra; Auzitegi Nazionalak hiru urtekoa ezartzen baitzien. Gainontzeko 15 auzipetuen kontrako zigorrak mantendu ditu: 15 eta 18 hilabete artekoak. Jose Luis Franco, Maite Amezaga eta Izaskun Barbariasi 15 hilabate ezarri zizkieten. Eskualdean, Libre ekimenak hainbat mobilizazio iragarri ditu: 19:30ean, Algortako Telletxe plazan; eta 20:00etan, Itzubaltzeta/Romoko Kolas plazan, Altzagako metro geltoki ondoan eta Astrabuduko Josu Murueta plazan.

Halere, Euskal Herriko eta eskualdeko Libre taldeek arrastian egin daitezkeen beste mobilizazioei adi egoteko eskatu dute.

Auzitegi Nazionalak 35/02 sumarioaren inguruko epaia joan den urteko uztailean eman zuen; 111 “herriko taberna” konfiskatzeko aginduagaz, “ETAren egitura” finantzatzea egotzita.

Antxeta, Gorgo Mendi, Irati eta Harotz Toki tabernak izan ezik, gainontzekoen aurkako epaia berretsi, eta horiek konfiskatzea eskatu du Auzitegi Gorenak.

Uribe Kostari dagokionez, konfiskatze-agindua dutenak ondokoak dira:

  • Erandiotarrak (Astrabudua)
  • Hegoalde (Erandio)
  • Kurkudi (Leioa)
  • Branka (Itzubaltzeta/Romo)
  • Gorrondatxe (Algorta)
  • Sei Herri (Berango)
  • Mikelats (Sopela)
  • Iretargi (Urduliz)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun