Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu duenez, “horrela gobernu programaren akordioan agertzen den konpromisoari helduko diogu, ahalik eta adostasun zabalenenak lortzeko lan egite aldera, jakin badakigulako gai honi buruz udalbatzan ikuspegien eta ikuspuntuen aldetik aniztasun handia dagoela”.
EH Bilduk, bere aldetik, argi utzi du lan talde hori osatzeko aldeko botoa bozka “baldintzatua” dela. Euren arabera, UAO aldatzeko eta herri partaidetza arautzeko “ezinbestekoa” da parte-hartze prozesua antoaltzea. “Ezin da herri partaidetzaz hitz egin, herri partaidetza arautu, herritarrei zein herriko elkarteei ahotsa eman gabe, alderdien arteko kontu bat izango balitz bezala. Antzineko garaiak gogora ekartzen dizkigute jokabide horiek, zeintzuetan ‘Dena herriarentzat baina herria gabe’ baldarrikatzen zen”, adierazi du koalizio abertzaleak.
Era berean, EH Bilduren ustez, herri-partaidetzak ordenantza propioa merezi du, “ezin dugu Udal Araudi Organikoaren baitan ezkutatu”. Hartara, prozesuaren lehenengo pauso gisa herri-partaidetza ordenantza egitea proposatu dute. “Ondoren, heldu beharko genioke UAO-ari, honi ere herri-partaidetza prozesu baten barruan eta kontutan izanda laster Legebiltzarrean onartuko den Udal legeak honen gaineko eragina izango duela”.
Getxoko alkateak, bere aldetik, herritarren partaidetzarako formula “berriak” aztertuko direla eta prozesu horretan “teknologia berriak” sartzeko prozesuan ere aurrera egingo dela adierazi du, “hori guztia hobeto entzuteko eta udal erakundearen eta herritarren arteko beharrezko elkarrizketa eta etengabeko lankidetza ahalbideratzeko”.