Uribe Kosta jaietan 2015

Gizonezko bat atxilotu dute Portu Zaharrean, sexu-erasoa egotzita

Iker Rincon Moreno 2015ko abu. 13a, 19:01

Gaur goizeko 06:00ak aldera, Getxoko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du Algortako Portu Zaharrean, jai eremuan, emakume bati sexu erasoa egin diolakoan. Jai-batzordeko kideek zabaldu dutenez, beste gizonezko batek emakumea lagundu eta ustezko erasotzaileagaz borroka egin du, poliziak agertu aurretik. Emakumezkoa zein atxilotua ospitalera eroan dituzte. Getxoko Udalak eta Portu Zaharreko Jai Batzordeak gertatutakoa gaitzesteaz gainera, elkarretaratze isil batera deitu dute biharko, barikua, 16:30ean, Portu Zaharreko eskaileretan. Hau da lau egunotan Getxo udalerriko jaietan eman den bigarren sexu-erasoa.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordearen eta Jai Batzordearen oharra

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak eta Jai Batzordeak Portu Zaharreko eraso sexista gaitzetsi eta arbuiatzen dute.

Algorta-Getxoko Portu Zaharra auzoko jaietan, abuztuaren 13ko ostegun goizaldean, gertatutako sexu erasoa dela eta, eta Getxoko Udaltzaingoak ustezko erasotzailea atxilotu ondoren, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, aho batez, hauxe adierazten du:

1. Jokabide sexistek eragindako eraso edo tratu txar guztiak arbuiatzen eta gaitzesten dituela berresten du. Halaber, erasotua izan zen emakumeari elkartasun osoa adierazten eta bere laguntza eskaintzen dio.

2. Getxoko Udalak ez du horrelako jokabide sexistarik onartuko eta eraso sexistarik gabeko gizartearen eta jaien alde lan egiteko konpromisoa berresten du, ezetza beti ezetza dela argi gera dadin. Era berean, horrelako jokabideen aurrean zero tolerantzia jarreragaz jarraituko du Udalak.

3. Udala berdintasun eta errespetu baloreetan oinarritutako gizartea lortzeko lan egitearen alde agertzen da, emakumeak askatasun osoz irten, paseatu eta bizi ahal izan daitezen; gure udalerriko kaleetan bizitzaren uneoro, eta bereziki jai egunetan ere, lasai ibili ahal izateko; harreman sexualak nogaz, noiz eta nola eduki askatasun osoz erabaki ahal izateko, hau da, euren borondatea guztiz errespetatua izan dadin.

4. Era berean, Udalak dei egiten die getxoztar denei emakumeen aurkako eraso denak sala ditzaten eta erasotzaileak identifikatu ditzaten. Kasu honetan, erasotuaren alde herritar batek izan duen portaera balorean jarri nahi du Udalak, izan ere, bere portaerak poliziaren berehalako lan eraginkorra erraztu baitu.

5. Getxoko Udalak, Portu Zaharreko Jai Batzordearekin batera, zeinek bat egiten duen Bozeramaileen Batzordearen gaitzespenagaz, dei egiten du Portu Zaharrean, bihar ostiralean, abuztuak 14, 16:30ean egingo den elkarretaratze isilera.

Erlazionatuak

Sexu-erasoa arbuiatu dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2015 abu 11 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun