Era berean, azken egunotan Getxon jazotako eraso sexistek ezinegona piztu dute auzotarren artean. Abuztuan bakarrik, gutxienez lau emakumek eraso sexistak pairatu dute, tokiko eragile feministek salatu dutenez.
Eraso sexistak sufritu izanagatik lau emakumek salaketak jarri zituzten abuztuan zehar. Lehenengoak Itzubaltzeta/Romoko jaietan; bigarrena, Algortako Portu Zaharreko jaietako lehenengo gauean; hirugarrena, Algortako Fadura kiroldegian; eta laugarrena, Algortako Alangobarri inguruan.
Fadura kiroldegian Ertzaintzak gizon bat inputatu zuen ustez kiroldegiko langile bati zirriak egiteagatik. Hala ere, Getxo Kirolak udal erakundeak jazoera hori ezeztatu zuen: “hainbat hedabidetan agertutako informazioa ez dela zuzena argitu gura du Getxo Kirolak-ek: batetik, esan, ustezko eraso hau ez zela gertatu Fadurako kiroldegian, eta, bestetik, ustezko erasotutako emakumea ez zela udal-erakunde honetako langilea”.