Deklaratu duten polizia gehienek ez zuten ondo oroitzen 2010ean Askapenako kideak atxilotzeko egin zuten operatiboa, eta aktetan jasotzen dena berretsi dute, Naiz.eus agerkariak zabaldu duenez.
Hala ere, Iruñean urte horretan egindako bilkura nazionala zelatatu zutela azaldu dute, fiskalaren galderei erantzunez. Era berean, talde internazionalistako kideei jarraipenak egin zizkietela onartu dute. Halaber, baieztatu dute ez dutela gogoratzen atxilotutako etxebizitzetan ETA erakundeagaz lotutako sinbologiarik aurkitu zutenik.
ETAren gidaritza ukatu dute auzipetuek
Walter Wendelin, Unai Vazquez eta Gabi Basañez auzipetuen deklarazioakaz hasi zen astelehenean Askapenaren kontrako epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Bertan, militantzia internazionalista goraipatu zuten, ETAren gidaritza ukatzeagaz batera. Martitzenean, berriz, Aritz Ganboa eta David Sotoren txanda izan zen.
Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskaera egina du bost auzipetuen kontra, eta baita ere Askapena, Askapeña konpartsa, Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteak legez kanpo uztea.
Askapenari "ETAren agindupeko egitura" izatea leporatzen diote, baita harentzat "kanpoko babesak" lortu eta "elkartasun batzordeak" sortzea ere. Auzipetuei, berriz, antolakunde internazionalistako kide izatea, Europako eta munduko gizarte foroetan aritzea eta brigadak antolatzea egozten diete.
Urriaren 31n manifestazioa Madrilen
Epaiketa politikoen aurka eta Euskal Herriari elkartasuna adierazteko asmoz, Madrilgo hainbat eragilek manifestazioa deitu dute urriaren 31rako.
Libre eta Eleak mugimenduek jakinarazi dute autobusak antolatuko dituztela Euskal Herritik, “herrien arteko elkartasuna sustatzeko eta gure eskubideak defendatzeko”.