Jarraitzen dute Algortako Iturribarriko baserriak eraisten

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 13a, 13:45

Algortako Hezetasuna auzoko baserriak botatzen jarraitzen du BYCAM enpresak. Joan den astean ekin zioten hondeamakinek egiteko horri. Hilaren 7an, zapatuan, 120 lagun manifestatu ziren Algortan urbanizazio-prozesu horren kontrako iritzia azaleratzeko, eta egindako indar erakustaldiaren ostean, "borrokan" jarraituko dutela iragarri zuten: "etxeak bota dituzte, baina borrokan jarraituko dugu".

Algortako inguru horretan 352 etxebizitza libre eta babes ofizialeko hainbat eraikiko dituzte. Ezarritako eraikitze-tipologiaren arabera, BOEen kopurua 147 eta 273 bitartean izango dira. Hala, guztira, 500 etxebizitza berri baino gehiago eraiki gura dituzte Iturribarrin. Hezetasuna Auzoko Bizilagunon Taldeko kideek gogoratu dutenez, Getxon 3.000 etxebizitza huts baino gehiago dago. "Beharrezkoak direla diote Udaletik, baina gure ustez, nahikoa dugu 3.000 etxebizitza huts egonda; berdegune gehiago gura ditugu eta porlan gutxiago", gaineratu dute.

Era berean, urbanizazio-prozesua aurrera eramateko lana duen BYCAM enpresa ere jomugan jarri dute auzokideek: "oso ondo dakigu BYCAM EAJgaz lotuta dagoen enpresa dela. Gaur egun, jeltzaleek gobernatzen dituzten udalen %85 baino gehiagok laguntza eskaintzen dio enpresa horri, esleipenak lortzeko". Getxoko Udalari "dirua irabaztea eta poltsikoak betetzea" interesatzen diola salatu dute baita ere; "Udalari ezer gutxi interesatzen zaio auzokideek zer pentsatzen duten", amaitu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun