Indarkeria matxista salatuko dute gaur Getxon

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 25a, 13:10
Bilgune Feministak deitutako kontzentrazioa, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak puntu lilak jarri ditu udaletxeko, San Nikolas liburutegiko, Andres Isasi Musika Eskolako eta Bizkaiko Zubiaren aurrealdeetan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinbolo gisa. Izan ere, gaur, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Gaur arrastian, azaroari dagokion osoko bilkuraren gai-ordenan horren inguruko adierazpen instituzionala egingo dute. Horretan, Berdinsareak egindako proposamenean oinarritutako adierazpenak proposatuko dituzte, emakumeen aurkako indarkeria-adierazpenak irmoki gaitzesteko. Era berean, adierazpenak arazo estruktural baten aurrean gaudela berresten du. Horregatik, udal politika "aktiboa" izateko konpromisoa onartzea proposatuko du adierazpenak. Horrez gainera, udalerriko emakume feministen elkarteek antolatuta, hainbat mobilizazio egongo dira Getxon.

Gaur hainbat ekitaldi izango dira, udalerriko emakume feministen elkarteek antolatuta. Alde batetik, Bizkaiko Zubia plazan, 19:30ean, Gizatiar Emakume elkarteak antolatutako elkarretaratzea izango da; ordu berean Algortako Telletxe plazatik manifestazioa abiatuko dute, Bilgune Feminista, Haziak eta Mujeres con voz elkarteek deituta. Azkenik, 20:00etan, Santa Eugenia plazatik beste protestaldia egingo dute, Itzubaltzetako Emakumeen Asanbladak antolatuta.

Sortu Getxoren oharra:

Oro har neurri batean erraza suertatzen zaigu erasorik ikusgarrienak edo dramatikoenak identifikatzea, baina ez hainbeste gure egunerokotasunean ohikoagoak diren "mikromatxismoez" ohartzea (umiliazioak,  jarrera paternalistak…). Gure buruak hezi eta trebatu behar ditugu horretarako.

Indarkeria matxista era askotara azaleratzen da esparru sozial, politiko, kultural, juridiko, ekonomiko eta ideologiko osoan dago presente. Eraso matxistak kalean ere egiten dira, lanean, polizia-etxeetan, kartzelan, ikastetxeetan… Edonon eta edozein testuingurutan gerta daiteke eta leku guztietan borrokatu behar dugu indarkeria matxistaren kontra.

Bistan da emakumeok indarkerietatik aske bizitzeko dugun eskubidea ez dugula bermaturik, udan jai giroan emandako hamaika eraso eta aurten eraildako sei emakumeak adierazgarri argiak dira.

Indarkeriak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriak eta erantzunak era integralak behar dute izan. Mugimendu Feministak urteetan egindako kontzientziazio, formakuntza eta borrokari esker geroz eta salaketa gehiago daude eta erantzuna zabalagoa da.

Indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiak anitzak dira, urteak dira mugimendu feministak autodefentsa feministaren ildotik lanketa hori bultzatu duela. Hori balioan jarri behar da. Autodefentsa feminista indarkeriaren erroetara jo eta berarekin amaitzeko beharrezko den jokabidea, jarrera eta tresna multzoa litzateke.

Kapitalismo patriarkarrak emakumeoi beldurra eta sumisioa barruraino sartu digun sistemaren aurrean, autoestimu psikiko eta fisikoa izatea beharrezkoa da, emakumeok maila pertsonal eta kolektiboan segurtasuna landu behar dugu.

Autodefentsa Feministaren estrategiaren baitan aurtengo udako festetan mugimendu feministak antolatutako gaueko manifestazioak izan ditugu. Manifestazio hauen bitartez emakumeak ahaldundu, salaketan urrats berriak eman eta erasotzaileak zuzenean interpelatzea bilatzen zen.

Erabilitako estetikak zer esana sortu du emakume biktimaren iruditegia apurtu duelako, emakume ahaldundu eta borrokalariak mehatxu bezala ikusiak direlako. Euskal jendartean ahalduntze kolektibo eta ordena sinbolikoaren apurketaren aurrean erresistentziak sortzen dira ekimen sinboliko hauen legitimitatea zalantzan jarriz.

Zalantza eta kezka adin-txikiko mutil batek adin-txikiko neska bat bat bortxatzera zerk eramaten duen sortu beharko liguke. Melissa, Annie, Maria, Leire, Almudena eta Lehunzeko emakume bat erailak izanak sortu beharko liguke.

Azaroaren 25ean kalera aterako gara, mugimendu feministak deitutako manifestazio eta ekimenetan parte hartuko dugu, baina egunero, edonon eta edonola emakumeok jasaten dugun indarkeria matxistarekin bukatzeko lan egiten jarraituko dugu.

Algortan EHko Bilgune Feminista, Mujeres con Voz eta Haziak taldeek deitutako mobilizazioekin bat egiten dugu (19:30ean Telletxen)

Martxan jarraituko dugu denak aske izan arte!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun