Saioa Agirre da Getxoko kirolaririk onena

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 13a, 09:15
Saioa Agirre atzo, irabazitako elastikoa jantzita eta garaikurra eskuan. © GETXOKO UDALA

Saioa Agirre Elordui gimnasta erritmikoak jaso zituen atzo Getxoko 2015eko kirolari onenaren sariak, ohiko garaikurra eta elastikoa. Ekitaldia Fadura kiroldegiko Areto Nagusian burutu zen, Udalak antolatutako Getxo Sasoi Sasoian kirol-galaren barruan. Sari nagusiagaz batera, Udalak sari gehiago banatu zuen, udalerriko zenbait taldek lortutako garaipenak aintzat hartzeko; baita  kirolaren alde eta kirolarentzat lan egiten duten pertsona eta elkarteei ere esker ona adierazteko. Kontuak hala, Bizkerre, Arenas, Artaromo, Euskaltel, Airean Getxo, Alfredo Olabegoia, Txus Dominguez, Jolaseta eta Getxo Arraun saritu zituzten.

Denboraldi honetan, Sakoneta gimnasia erritmikoko taldeko Saioa Agirre Espainiako eta Bizkaiko txapelduna eta Euskadiko txapeldunordea izan da, besteak beste. Saioa Agirre oso hunkituta eta esker onekoa agertu zen galan, ezustean harrapatu baitzuen sariak. "Garaipen denak lortzeko lagundu nauten denei" eskaini zien garaikurra. Era berean, eskertu zuen saria berari ematea "egin dudan lana aintzat hartu delako eta onarpen hori oso pozgarria delako". Izan ere, gogora ekarri zuen gimnasia erritmikoan "lan handia, entrenamendu ordu asko eta aste-akabu asko irten barik" eman dituela hobetzeko eta "edozein akatsek, agian ikusleak nabaritu ere egingo ez duenak, saio oso bat atzera bota dezake". Halere, zailtasun horien aurrean argi utzi zuen "oso pozik" dabilela "egiten dudanagaz". Azkenik, nazioartean lehiatu gura duela azaldu zuen eta helburu hori lortzeko Espainiako selekzioan sartzen ahaleginduko dela esan zuen, bitartekotzat jo baitzuen.

Bozketa estua

Agirrek Getxoko hainbat kirol kazetarik osatutako epaimahaiaren botoen herena pasatxo, %34, lortu du, bozketa oso estuan. Izan ere, bere atzean Jonathan Castroviejo txirrindulari itzubaltzetarra geratu da, %31gaz. Castroviejo urrezko domina eskuratu du aurten Espainiako Txirrindularitza Txapelketetan, erlojupekoan; eta laugarren sailkatu da Munduko erlojupeko Txapelketan, Richmonden. Halere, 2011ko Getxo Sasoi Sasoian sarietan urteko kirolari onena izendatu izanak bere aurka jokatu izan du, seguru aski.

Irabazleetatik urrun geratu ziren hirugarren eta laugarren sailkatuak: Lucia de la Puerta Jolaseta taldeko tenislaria (%18) eta Alex Cortabitarte judoka (%16). Tenislari gaztea Euskadiko txapeldun absolutua da, Estatuko lehenengoa gazte kategorian eta 58. ranking absolutuan. Otsailean, Bielorrusiako Minsk hiriburuan jokatuko du Neguko Kopa saria Espainiako selekzioagaz. Cortabitarte, ordea, urrezko domina lortu du Espainiako Txapelketan, haur mailan eta 46 kiloz azpikoetan; eta, halaber, Euskadiko eta Bizkaiko haurren txapelduna da.

Beste sarituak

Taldeka, Getxo Arrauneko bi mutilek, Alejandro Luis Regueiro eta Aitzol Guerrero, Getxo Kirol Berriak saria jaso zuten, eserleku mugikorrean (scull bikoitzean) urrea irabazi dutelako Euskadiko Txapelketan, gazte mailan. Nesken talde onenaren Getxo Kirol Berriak saria, ordea, eman barik geratu zen, epaimahaikideen arabera inork ez zuelako merezi.

Getxo Kirol Sariak, emakumezkoetan, Belar-hockeyko Jolaseta taldeak jaso zuen, Ohorezko Mailara igo direlako. Eta, gizonezkoetan, Arenas futbol-taldeak hartu zuen saria, 2. B mailara  igotzeagatik.

Bestalde, sari bereziak honako lagun eta talde hauentzat izan ziren: Aitzindaria saria, mitoarena, Alfredo Olabegoia txirrindulari, triatleta eta "ironman"-entzat; Kiroltasuna saria, kirol ibilbidea saritzen duena, Txus Dominguezentzat, Arrigunagako skate pistaren sortzailearentzat, kirol modalitate horri emandakoagatik; Getxo Berrituz saria, kirolaren berrikuntza saritzen duena, aire kiroletako Airean Getxo Club elkarteari eman zioten, alde handiz, Estatu espainol osoan lehiaketa gehien antolatu duen elkartea baita.

Berdintasuna Indartuz saria, emakumezkoen kirolaren sustapenarengatik ematen den saria, ordea, Bizkerre Futbol Taldeko kideek hartu zuten. EAEn emakumezko jokalari gehien (150) duen taldea da. Gaur gaurkoz, klubean mutil baino neska gehiago dago.

Marka Hautsiz saria, desgaituen kirolaren atalean, areto-futboleko Artaromo Getxorentzat izan zen, Haszten eta Uribe Costa elkarteak lagundu eta haiekin kolaboratzeko proiektuengatik.

Eta, azkenik, Getxo Zabala saria, altruismoarena, Euskaltel enpresak hartu zuen, Bowlzilla 2015 skate zirkuitu profesionalaren babesle izan dela kontuan hartuta.

Erlazionatuak

Getxo Sasoi Sasoian, kirol-gala iruditan

Iker Rincon Moreno 2016 urt 13 Getxo

Getxoko kirol-gala izango da martitzenean

Iker Rincon Moreno 2016 urt 08 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun