Gabi Basañez, Unai Vazquez, David Soto, Walter Wendelin eta Aritz Gamboa Askapenako kideak absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eskatzen zuen horientzat, "talde terrorista" bategaz elkarlanean aritzea egotzita. Halere, epaileak ez du halakorik berretsi duen frogarik aurkitu. "Ez dago ETAk Askapenari zuzendutako zuzeneko agindurik, ez eta ere haren erantzun mezurik". Horrez gainera, "militantzia bikoitzik" ez dela egon nabarmendu du sententziak.
Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua "ETAk zuzendutako erakunde multzo bat" dela nabarmendu du 96 orrialdeko epaiak; hala ere, talde armatuaren ideologiak jarraitzen dituzten "beste erakunde batzuk ETArekin lotuak ez daudela" ondorioztatu du.
Dena den, Askapenako kideak "talde terroristekin" zuzeneko harremanik ez bazuten ere, "ETArekin lotutako ezkutuko erakundeekin" zituzten harremanak "nahikoa zantzu" zirela eta, ikerketa abiatzeko nahikoa zela adierazi du epaileak.
Epai osoa irakurtzeko sakatu hemen.