Irantzu Uriarte Turismo zinegotziak adierazi duenez ekimena, "auzoko oroimen kolektiboari eta euren bizimoduei zabaldutako leihoa da. Nahi duguna da pertsona guztiak, auzokideak eta bisitariak, proiektuaren parte izatea, Portu Zaharra gune bizia, kulturgintzan eraginkorra eta ingurugiroarekin jasangarria izan dadila".
Seinaleak
Portu Zaharreko ibilbidea egiteko auzoko 50 etxebizitza identifikatu dituzte eta, lehenengo fasean, 33 hautatu dituzte. Horietan plaka bana ipini dute non etxeko izena, eraikuntza-data eta informazio gehiago (beste izen batzuk, biztanleen ogibideak, lehenengo jabea, antzinatasuna …) zabaltzen duen QR kodea agertzen den. Ibilbidea 2004an Mikel Gorrotxategi Nietok eta Sofia Suso Otxoa de Eribek egindako "Getxoko leku izenak" izeneko ikerketan oinarrituta dago.
Halaber, ondarea interpretatzeko hiru panel ipini dituzte: "Zerumuga begiztatzen", Aretxondo kaleko goiko partean; "Abra, Getxoko itsasoa", Ereaga moila kaleko beheko partean (Itxas-Bide tabernaren aurrean), eta "Portu Zaharraren espiritua, Etxetxu" erdiko gunean.
Ibilbide birtuala
Turistek normalean egiten duten ibilbidea zabaltzeko asmoz (moila, eskailerak, plaza …), terrazetatik, tabernetatik eta jatetxeetatik kanpo, ibilbide birtuala diseinatu dute Portu Zaharrean barrena, telefono mugikorren bitartez egitekoa. App horren funtzio nagusia da toponimia-ibilbideak osatzen dituzten Portu Zaharreko etxebizitzak kokatzea. Halere, hainbat aukera osagarri eta informazio ditu Portu Zaharreko tabernei eta jatetxeei, oroigarri-dendei eta Algortako Azokari buruzkoak.
Aplikazioa eskuragarri dago lau hizkuntzatan (euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa) eta osasunari eskainitako atal bat ere badauka: kirola egiteko paseoak proposatzen ditu eta aholkuak ematen ditu bizitza osasungarrirateko. Gainera, pertsonaren pisua eta altuera sartuz gero, kontsumitutako kaloriak zenbatzea eta ibilitako distantzia neurtzea ahalbidetzen du.
Errezeta-liburua
Laster, eta Portu Zaharreko etxeetan eta jatetxeetan batzen dabiltzan materialagaz, errezeta-hautaketa egingo dute, ondoren herriko gastronomia-liburua argitaratzeko, euren ohiko platerakaz. Errezeta zaharrenak edo auzoko identitatearen adierazgarrienak lehenetsiko dituzte (arrainak, zopak …).
Portu Zaharreko betiko errezetak izango dira; esklusiboak ez diren arren, auzoko elikaduran, historian edo bizimoduan toki berezia izan dutenak. Horretarako Medikuntzako, Historiako eta Elikadurako profesionalen ekarpenak jasoko dituzte eta azalduko dute zein izan den elikagaiek, bizimoduek eta aro ezberdinetako egoerek elkarren artean izan duten eragina.
Hitzaurreak datu etnografikoak eta gastronomikoak izango ditu (haitzetako arrantza, eta abar), baita Pedro Bilbao medikuaren omenezko testu bat ere. Bera jatorriz Portu Zaharrekoa izen zen eta aitzindaria izan zen bizitza eta elikadura osasungarria izateko garrantziaz gomendioak emanez, gaixotasunak prebenitzeko.