"Komunikazioa parekiderantz, kazetarientzako eskuliburua" aurkeztu zenuen iaz. Zeri erantzuten dio?
Iazko Durangoko Azokan aurkeztu genuen eskuliburua. Arrasateko Emakume Txokoarekin eta Goiena Komunikazio Taldearekin elkarlanean egindako lan bat da. Bertako hainbat pertsonak beharra ikusten zuten herri-mailako komunikabide nagusienetan genero-ikuspegia egoki lantzeko. Horrela, Goienako kazetariekin lanean hasi ginen, beharrak eta gabeziak detektatzeko, eta, ikastaro batzuen ondoren, liburua egiteko ideia atera zen.
Zer aurkitu daiteke lan horretan?
Komunikazioa parekidetasunez lantzeko kazetarientzako erabilgarriak izan nahi duten gomendioak biltzen dira. Esan beharra dago oinarrizko gomendioak direla; kasu batzuetan, eguneroko praktikan adibide konplexuak agertzen zaizkie kazetariei, eta horiek neurri landuagoak behar izaten dituzte.
Gomendio teorikoak eta praktikoak aurkezten dituzu liburuan. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Eskuliburuak badu atal teoriko bat, eta beste bat, praktikari bideratuta. Zaila egiten da batzuk beste batzuen gainetik nabarmentzea; guztiek dute elkarren arteko lotura. Atal teorikoan begirada androzentrikoak sortzen dituen ajeak lantzen dira, eta atal praktikoan, horiek gainditu ahal izateko gomendio praktikoak. Azken horiek atal ezberdinetan daude antolatuta: indarkeria sexistaren trataera, emakumeen agerikotasuna, estereotipoen gainditzea, kirol informazioaren trataera, irudia… Guztiak dira inportanteak, nire ustez.
Zer egin beharko genuke kazetariok parekidetasuna bermatzeko?
Kazetariek ardura handia dute, azken batean hedabideak ez baitira soilik informazio-emaileak; informazio-ekoizleak ere badira. Lana arduraz hartzea eta kalitatezko kazetaritza egitea, gizartearen aniztasuna eta konplexutasuna islatzea beharrezkoa da. Gaurko edozein aldizkari masibo hartuko bagenu eta agertzen den informazio eta irudien kopuruaren arabera aztertuko bagenu, emango luke gizon zuriek gehiengoa osatzen dutela gure inguruan. Irudi desegoki hori ematen eta ekoizten duen kazetaritza ez da kalitatezkoa.
Berdinak al dira idatzizko hedabide batek eta ikus-entzunezko batek hartu beharreko neurriak?
Oso antzekoak; badira orokorrak diren neurriak eta horietaz gain, badira espezifikoak diren batzuk. Zentzu horretan, azkenaldian irudiaren inguruan hausnarketa eta azterketa asko egiten ari da, ikus-entzunezkoen loraldia dagoelako. Fokuan zer sartzen den eta zer uzten den kanpoan oso erabaki subjektiboa da eta androzentrismoa nagusi den honetan, gehienetan normatiboa ez dena kanpoan geratzen da.
Zer garrantzi ematen diote hedabideek parekidetasuna lantzeari?
Zorionez, gero eta handiagoa. Euskarazko hedabideen artean esango nuke gero eta handiagoa dela, eta ekimen asko ari dira antolatzen azkenaldion. Aipatzekoa da, esaterako, Berriak duen Estilo Liburua, ziur aski, euskaraz egin den lan sakon eta osatuena.
Gai hau jorratzen duen bestelako saiakerarik egon da aurretik?
Bai noski. Baina bada inflexio puntu bat eta hori Bilgune Feministak 2004an egin zuen Estilo Liburua izan zen nire ustez. Askorentzat oso apurtzailea izan zen eta feminismotik sortu zen gainera, hedabideetako profesionalekin noski, baina iniziatiba hartuz. Dena dela, erakunde, komunikabide eta elkarte feminista askok lan handia egin dute azken urteetan norabide honetan eta hori poztekoa da.
Euskal Herrian zeintzuk hedabidek abiatu dituzte berdintasunaren aldeko ekimenak?
Esan bezala, Berria izan da saiakera sakon eta serioena egin duena. Goienak ere egin du barne lanketa bat eta neurriak hartu ditu. Hekimen azkenaldian gaia lantzeko saiakeran dago. Eta Emakundek antolatuta Kode Deontologikoa egin berri dute medio eta publizitate agentzia askotako profesionalen parte-hartzearekin.
Parekidetasunaren bidean, zer nolako garrantzia dute hedabideek?
Handia. Lehen esaten nuen bezala, hedabideak errealitate ekoizle dira. Gero eta gehiago. Sinetsita nago kazetaritzaren munduan parekidetasunarekin konpromisoa hartu daitekeela eta mundu ikuskera egokiago, orekatuago eta demokratikoago bat emateko informazioa landu beharra dagoela.
"Komunikazio alternatiboa eta eraldaketa sozialerako herri-komunikabideak" mahai-inguruan parte hartuko duzu gaur. Zeintzuk dira herri-komunikabideen betebeharrak?
Herri-komunikabideen zeregin nagusia gertukoa den horren berri ematea da, nire ustez. Eraikitzen den begirada tokian tokikoa izateaz gain, eraldaketaren eta justiziaren balioekin lotzea ezinbestekoa da, nire ustez. Irudiz eta informazioz inguratuta bizi garen honetan, kolonizatu gabeko ikuspuntuak lan ditzakete herri-komunikabideek, eta horrek aukera handiak eskaintzen ditu eraldaketa sozialerako.