Algortako eraso matxista salatu eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egin du EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 31a, 10:55
300 lagun inguruk salatu zuten 2014ko abuztuaren 5ean, Telletxe plazan, urte horretako San Inazio jaietako azken egunean, domeka goizalean, gertatutako sexu erasoa.

EH Bilduk domeka goizaldean Algortan jazotako eraso sexista gaitzetsi eta gaur, martitzenerako, deitutako mobilizazio biakaz bat egin du. Koalizio abertzaleak salatu duenez, indarkeria eta eraso matxistak ezin dira gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu: "Indarkeria matxista sistema patriarkalaren adierazpide bat da, lehen mailako arazoa. Emakumeon eguneroko ogia".

EH Bilduren adierazpena:

Domeka goizaldean, Algortan 18 urteko emakume baten kontra izandako sexu-erasoaren aurrean, gure gaitzespena adierazi nahi dugu, baita erasotua izan den emakumeari gure elkartasuna adierazi ere. Hori dela eta, atzo eguerdian deituriko Bozeramaleen Batzordean bat egin dugu Udalak argitaraturiko gaitzespen adierazpenarekin, eta deia egiten dugu bai Udalak zein Getxoko mugimendu feministak deituriko elkarretaratze guztietan parte hartzera. Deialdiak gaur izango dira eguerdian, 12etan, Udaletxean bertan eta arratsaldeko 7:30ean Telletxe kaleko Puntu Morean.

Getxoko EH Bildutik oso argi dugu indarkeria eta eraso matxistak ezin direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren adierazpide bat da, lehen mailako arazoa. Emakumeon eguneroko ogia. Oraindik, neurri handi batean, ezkutuan mantentzen dena, justifikatu eta tapatu egiten dena. Ez da inola ere, ordea, esparru pribatuari dagokion arazo bat. Arazo kolektiboa da, guztiona, eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.

Indarkeria matxista era askotara agertzen da. Batzuetan nabarmenago agertzen da baina, gehienetan, oharkabean pasatzen zaigu, mikromatxismoak deiturikoetan ezkutua. Indarkeria matxista da emakumeak gutxiesten dituen portaera oro, mehatxuak, umiliazioa, irainak, kontrola, debekuak eta jendaurreko deskalifikazioak. Indarkeria matxista da hedabideetan eta publizitatean emakumeak objektu gisa aurkeztea. Indarkeria matxista dira sexu-erasoak, norberaren borondatearen kontra sexu-harremanak inposatzea.

Indarkeria matxistak jatorri estrukturala duen heinean, aurre egiteko neurriak eta erantzunak ere integralak behar dute izan. Pertsonen arteko harreman-sistema berria sortzea da erronka, gaur egungo antolaketa eta ordena soziala eraldatzea, azken finean. Besteak beste, maskulinitate-eredu hegemonikoa eraldatu behar da. Era berean, ezinbestekoa da emakumeen jabetzea eta herritarren arteko babes-sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko. Hori dela eta, autodefentsa feminista zilegitzat jotzen dugu eta uste dugu guztion ardura dela erasotzaileak identifikatzea, seinalatzea eta baztertzea, erasotzaileek jendartearen presioa senti dezaten, bat ukitzen dutenean guztiok ukituak izaten garela argi izan dezaten, eta jakin dezaten erasoa ez dela soilik indarkeria sufritzen duen emakumearen aurkakoa jendarte osoaren kontrakoa baizik.

Gizon eta emakumeok kaletik askatasunez eta beldurrik gabe -gau eta egunez- ibiltzeko eskubide osoa dugula aldarrikatu nahi dugu, eta dei egiten dugu gure udalerri osoa eraso sexistarik gabeko eremua izan dadin guztiok lan egin dezagun.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun