Kameren aurretik 20 pertsona igaro dira: taldea sortu zutenak (guztiak hezkuntzatik erretiratuta honezkero), egun taldean dauden ume eta gazteak, eta borondatez heziketa-lana egiten duten begiraleak. Halaber, "25 urte hauetako argazki eta dokumentuak lortzeko egindako ikerketa- eta dokumentazio-lana aipatu beharra dago", adierazi du Gonzalo Lozak, lanaren zuzendaria eta errealizadorea.
"Dokumental hau ez litzateke posible izango Eskubeltz taldearen lankidetza barik, ezta Getxoko Udalaren parte-hartzea barik”", eskertu du Lozak. Getxoko Udalak, berez, Wanted sarietako bat eman zion proiektu honi. Proiektuak, gainera, gauzatzeko diru-laguntzaz gain, gaian aditua den baten 10 orduko aholkularitza izan du.
Festa handia
Ekainaren 11n, zapatuan, Eskubeltz taldearen 25. urtemuga ospatuko dute. Egunari hasiera emateko, Trinitarioak elizako mezaren ondoren, kalejira egingo da Algortan, San Nikolas plazaraino. Plaza hori izango da, hain zuzen ere, jaiaren erdigunea. Bertan, adin guztietakoek hainbat jarduera egin ahalko dituzte: zango-makilak, tailerrak, aurpegi margoketa, puzgarriak, igel-txapelketak... Gero, herri-bazkaria egingo da, eta arratsaldez, ikuskizunak eta erromeria.
Eskubeltz Eskaut Taldea
Eskubeltz Algortako eskaut taldea da. Haren helburua da 8 eta 18 urte bitarteko neska-mutilak aisialdian heztea. Aste-akabuetan jarduerak, mendiko irteerak eta proiektu humanitarioak egiten dituzte, besteak beste, gazteen adinaren arabera. Uztailean, halaber, udako kanpalekua egiten dute. Horretan, naturaz inguratutako leku batera joaten dira, bertan bi aste emateko. Gaur egun, 15 pertsonako begirale-taldeak osatzen du Eskubeltz, denak boluntarioak, eta 110 gazte inguru hartzen dituzte. Gainera, gurasoek eta begirale ohiek eratzen duten batzorde bi daude.