Uribe Kosta jaietan 2016

Eraso sexistak eta adingabeen artean alkohol kontsumoa ekiditzeko kanpaina, Areetako jaietan

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 22a, 13:00

© GETXOKO UDALA.

Aste akabu honetan Mesedeetako jaiak ospatuko dituzte Areetan, hilaren 23tik 25era, hain zuzen ere. Hori dela-eta, Getxoko Udalak eraso sexisten kontrako kanpaina indartuko du; horrez gainera, Udaltzaingoak, urtero legez, operatibo berezia jarriko du martxan istilurik gerta ez dadin eta adingabekoei alkohola ematea ekiditeko.

Eraso sexisten kontrako kanpaina

Udalak eraso sexistarik gabeko berdintasunezko jaien aldeko sentsibilizazioa sustatuko du herritarren artean, udalerriko jai nagusietan zabaldu duen leloa daramaten leunezko poltsen, pegatinen, kartelen eta gazteentzako gida baten banaketagaz. Materialaren banaketa barikuan, hilaren 23an, izango da, Eskoletako plazan 19:00etatik 22:00etara jarriko den mahai batean.

Adin gabekoei alkohola saltzearen kontrako neurriak

Udaltzaingoak abiatuko duen operatiboan herritarren segurtasunaz arduratuko den Ertzaintzak eta Udaleko Babes Zibilak ere parte hartuko dute. Besteak beste, polizia-taldeak jai eremutik eta inguruetatik ibiliko dira, bereziki Areetako hondartzako gunean. Bariku arrastitik, hilak 23tik, domekara arte, hilak 25era arte, adingabeei alkohola ez saltzeko eta edari alkoholikoak atzemateko kontrolak jarriko dituzte. Kasu horietan adingabeen gurasoei jakinaraziko diete gertatutakoa.

Legez kanpoko salmenta eta adingabekoen alkoholaren kontsumoa kontrolatzeko gaueko txandak indartuko dituzte nabarmen, eta baita beste era batzuetako istiluak ekiditeko ere, Herritarren Segurtasunari eta Udal Ordenantzei lotuta.

Alkoholemia prebenitzeko kontrolak ere egingo dituzte Bide Segurtasun alorrean. Zigorrak ipiniko zaizkie droga-mendekotasun prebentzio alorreko legea hausten dutenei.

Gainera, jai eremuetan saltzaile ibiltariak egotea eragotziko da, legez kanpoko jarduera izateaz gain, "tokiko merkataritzarako eragin negatiboa izan daitekeelako", azaldu dute Udal iturriek.

Tabernak ixteko ordutegia zabalduta

Jaietan Areetako ostalaritzako establezimenduek ordu bat eta erdi beranduago itxi ahal izango dute irailaren 23an eta 24an. Bi egunetan, 1. taldeko saltokiek (dastalekuak, izozki-dendak, txurro-dendak....) 02:30ak arte zabaldu ahal izango dute; 2. taldekoek (tabernak...) 04:30 arte, eta 3. taldekoek (pubak...) 06:00ak arte. Ohi bezala, terrazek, 01:00etara arte zabaldu ahal izango dute.

Gaueko tren-zerbitzu berezia

Metro Bilbaok jakinarazi duenez, Areetako Mesedeetako jaiak direla-eta, gaueko tren-zerbitzu berezia jarriko du martxan zapatuan, irailaren 24an:

  • Etxebarri - Bidezabal:  15 minutuan behin.
  • Etxebarri - Sopela eta Sopela - Plentzia AUTOBUSA: 30 minutuan behin.
  • Basauri - Kabiezes: 30 minutuan behin.
Erlazionatuak

Jaiak Areetan izango dira aste-akabuan

Iker Rincon Moreno 2016 ira 21 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun