Hartara, Getxon izango da olatu handietako surfeko munduko elitea. Horien artean, honako hauek nabarmenduko dira dira: Greg Long (AEB) munduko txapelduna eta Grant Baker hegoafrikarra, 2013ko txapelketan Galeako garailea izan zena eta gaur egungo zirkuituko liderra dena. Horiekaz batera arituko dira zazpi surflari euskalherritar: Jon Garai eta Aritza Saratxaga getxotarrak, Natxo González plentziarra, David Bustamante "Zuku" sopeloztarra, Adrián Fernández de Valderrama bakiotarra eta Axi Muniain (lehenengo edizioaren irabazlea) eta Indar Unanue gipuzkoarrak.
WSL Surfeko Munduko Ligak antolatutako Olatu Handien Munduko Zirkuituan, bertoko eta inguruko hainbat eragile dira laguntzaile, hala nola, "3Sesenta" aldizkaria, Getxo Surf Taldea eta Getxo Kirolak. Denera, zortzi proba aurreikusita dauka aurten Olatu Handien Munduko Zirkuituak, bi etapatan banatuta: hego-hemisferiokoa eta ipar-hemisferiokoa. Lehenengo etapatik Puerto Escondido-ko (Mexiko) txapelketa soilik jokatu ahal izan da; txapelketa hori Grant Baker hegoafrikarrak irabazi zuen, munduko sailkapenean liderra denak. Orain, ipar-hemisferioko proben txanda da; Europan bi hitzordu baino ez ditu izango, Getxon eta, lehenengo aldiz, Portugaleko Nazaré herrian. Oregon (AEB), Pe´ahi (Hawaii) eta Todos los Santos-ek (Mexiko) osatuko dute txapelketaren egutegia. Halere, iaz bertan behera geratu ondoren, Getxoko zein Oregongo probak azpikategoria berrian sartu dituzte, QS Sailkatze-serie delakoa, Zirkuituaren bigarren maila moduko bat.
Bertokoak onenakaz lehiatzen
Javier Amezaga zirkuituko sustatzaile eta "3Sesenta" aldizkariko ordezkariak gogorarazi du olatu handien txapelketak bost urte baino ez dituela; baina, halere, "garrantzi oso handia hartu du surfaren munduan eta, oro har, kirolaren munduan. Orain arte bakarrik hego hemisferioko proba bakar bat egin ahal izanak agerian uzten ditu era honetako txapelketetarako exijitzen diren baldintzak, egundoko olatuak egon behar baitira txapelketa egiteko".
Aritza Saratxaga surflari getxoztarrak, bestalde, era honetako txapelketa handi batean parte hartzeko bertako kirolariei eskaintzen zaien aukera eskertu du. "Munduko surflari onenakaz lehiatu ahal izatea guretzako aukera ikaragarria da. Ahal dugun guztia emango dugu, onenakaz gogor lehiatuko dugu, eta zorte apur bat edukiz gero ea saria etxean geratzen den". Txapelketak 20.000 dolar banatuko ditu eskudirutan.
Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu duenez, "probaren beraren eta parajearen ikusgarritasunak ikusmin handia sortarazten dute bai jendearengan bai hedabideengan. Aukera paregabea da Getxo eta Euskadirentzat surfaren munduan oso esanguratsuak diren tokiakaz zirkuitua partekatzea, hala nola Hawaii, Kalifornia eta Mexiko bezalako tokiakaz, nazioartean gure irudia proiektatzeko".
Zuzeneko jarraipena
Punta Galea Challenge-aren hamaikagarren aldi hau egitekotan burutuko den bederatzigarrena izango litzateke, iazko eta 2007/2008ko edizioak bertan behera geratu baitziren. Orain dela urte bi legez, nazioarteko telebistetan eta Internet bitartez zuzenean eskainiko da. Orduan, bost milioi lagun baino gehiagok jarraitu zuten telebista bidez eta 1,8 milioik streaming bidez.
Txapelketa Galeatik bertatik jarraitu gura dutenentzat, iaz bezala, autobus zerbitzu berezia jarriko da, Bidezabalgo metro geltokitik aterako dena. Iaz harrera oso ona izan zuen zerbitzu horrek. Halaber, itsasoan kirolarien segurtasuna bermatzeko zaintza-jardun berezia egingo da, ontziakaz eta uretako motorrakaz.