Ekimena, Udalak daborduko hartu dituen neurrien ondorio da: hiri hondakin solidoen birziklatzea eta gaikako bilketa sustatzeko eta handitzeko, eta Getxo modu jasangarri eta malguan garbi izateko neurrien ondorio, hain zuzen ere. Hori guztia, erronka nagusia ahaztu gabe: %50eko mailara iristea 2022an, hondakinen gaikako bilketan, Europar Batasuneko araudia aintzat hartuta.
"Edukiontzi berriek itxura atseginagoa dute, eta haien diseinuak -mugikortasun murriztua duten pertsonentzat ere irisgarriak dira- hondakin bakoitza modu errazagoan eta sinpleagoan botatzea errazten du. Gainera, haien konposizioa dela eta, kargatzean eta deskargatzean sortzen den zarata txikitzen da, or ohar (CO2, ur- eta energia-kontsumoak, bistakoak). Edukiontzi-flota berrituz, auzotarrek ahalik eta hondakin kopuru handiena bidaia bakar batean uzteko aukera izatea erraztu nahi dugu. Kasu gehienetan, erabiltzaileen eta edukiontzien arteko tartea laburtuko da, baita edukiontzi bakoitzeko biztanle kopurua ere", aipatu du Imanol Landa alkateak.
Aldaketa egin aurretik, edukiontzien kokapena egokia zen eta balizko kokapen berriak beharrezkoak al ziren aztertu dute "zehaztasunez". Antolamendu berriagaz, edukiontzien guneak homogeneizatuko dira, hemendik aurrera guztietan, gutxienez, 4 edukiontzi egongo baitira: organikoarena, paperarena, ontziena eta errefusarena.
Beste irla batzuetan, 5 izango dira (beirarena barne), edo 6 (olioarena sartuta). Horren ondorioz, zenbait gunetan trafikoa berrantolatu behar izan da, berbarako, Lañomendi eta San Nikolas inguruetan, Algortan. Bestalde, Zugatzarten eta Negurin, egun dauden edukiontzi berberak utziko dira, alde horietan etxez etxeko bilketa zerbitzua ezarri gura delako; hori dela-eta, aurrera segitzen dute bilerak finken administratzaile eta auzotar-komunitateakaz, horien kezkak eta proposamenak ezagutzeko.
Lurperatutako edukiontziei dagokienez, Itzubaltzeta/Romo auzoko Kresaltzu eta Ibaiondo kaleen artean haiek ipintzeko lanak egiten ari dira (Gabonetan lanak geldituko dira oinezkoentzako eremu guztia erabili ahal izateko); lurperatutako edukiontzi horiek Algortako Juan Bautista Zabala eta Bidezabal kaleetan daudenei gehituko zaizkie.
Informazio-liburuxkak banatuko dira etxez etxe
Edukiontziak berritzeagaz batera, informazio-kanpaina bat egingo da, haiek era egokian erabil daitezen; izan ere, liburuxka bat botako da gutunontzietan, edukiontzi bakoitzean zer material utzi daitekeen gogoratuz. Bideo bat ere editatuk oda, modu integratuan proposatzen den zerbitzua laburtzen duena, eta udal webgunean ikus daitekeena: www.getxo.eus.
Edukiontzi marroia
Zerbitzua 2017ko lehen lauhilekoan ipiniko da martxan, txartel sistemaren bitartez. Horregaz, edukiontzia ireki eta hondakinak bota ahalko dira. Zerbitzu berri hau erabiltzeko interesa duten auzotar eta ostalariek alta eman ahalko dute gaurtik, astelehenetik, aurrera zerbitzuaren web orrialdearen (www.getxo.info-citi.es) bitartez edo 94 464 43 80 telefonoaren bitartez.
Edukiontzi marroia nola erabili eta bertara zer nolako hondakinak bota jakiteko, informazio- eta heziketa-kanpaina ere egingo da, otsaila aldera.
Kanpaina honen ekintzetako bat izango da zerbitzu berrian alta hartu duten pertsonekin harremanetan jartzea, informazioa eta zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa den txartela emateko.