Ibarbengoako parkingaren kontrako manifestaziora deitu dute Tosu Betirako taldeko kideek

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 20a, 13:06

Gaur goizean Getxoko udaletxearen aurrean egindako ekimenaren irudia.

Tosu Betirako taldeko kideek ekimena egin dute gaur, Getxoko udaletxearen atarian, zapatuan, hilaren 21ean, Ibarbengoako parkingaren kontra antolatutako manifestaziora deitzeko. "Porru landak defenda ditzagun" goiburua oihukatzen zebiltzala, porlana gainetik bota dute talde ekologistaren kide bik. Gogoratu dutenez, manifestazioa bihar, zapatuan, izango da, 12:00etan, Telletxe plazatik abiatuta.

Ibarbengoako parkingaren kontrako erresistentzia-kanpaldia egiten dabiltza egunotan Tosuko landan. Halere, protestaldiaren antolatzaileek jakinarazi dute ekimena Algortako Txiki Otaegi (San Nikolas) plazara eramango dutela gaur. Hala, 18:30ean Gipuzkoa Zutik ekimeneko partaideak egongo dira, errauskailuaren aurkako mugimenduaz berba egiteko. Ondoren, 20:00etan, Dangiliske taldeak dantza-gidatua eskainiko du, plazan bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun