Herritarren 201 "baliozko proposamen" bildu ditu Getxoko Udalak 2017ko aurrekontuetarako

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 9a, 16:58

Aurtengo aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea abiatu du Getxoko Udalak. Hartara, herritarrek egindako proposamen guztietatik 201 "baliozkoak" direla azaldu du Gobernu-taldeak. Iritziak ondoko arloakaz dute zerikusia: Ingurumena (75), Kirola (34) eta Gizarte Ekintza (21). Baita beste arlo hauekin ere: Kultura (19), Sustapen Ekonomikoa (13), Berdintasuna (10), Gazteria (7), Herritarren Segurtasuna (7), bestelakoak (6), Babes Zibila (4), Hezkuntza (3), Osasuna (1) eta Euskara (1).

Guztira, behar bezala beteta aurkeztutako galdetegiak 454 izan dira, 490 proposamen dakartzatenak. Horietatik, 289 kanpoan geratu dira, "prozesu honen jarduketa-eramutik at daudelako". Halere, proposamenak dagozkien arloetara bidali dituztela azaldu dute arduradunek.

Hurrengo pausuak

Parte-hartze prozesu horren lehenengo fasea urtarrilaren 10etik 25era egin zen. Orain, udal-zerbitzu teknikoak aztertzen ari dira proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa. Ondoren, Udalak ezagutzera emango du hautatuko dituen proposamenen behin betiko zerrenda. Horren ostean, proposamenen lehentasuna ezarriko dute Getxoko herritarrek, parte hartzeko beste prozesu baten bidez eta aldez aurretik ezarritako bideak erabiliz. Bigarren fase hori otsaila bukatu baino lehen egingo da. Hautatutako proiektuak 2017ko udal-aurrekontuaren proiektuan sartuko dira.

Prozesua amaitzen denean, itzulketa-txosten bat egingo da hartutako erabakien edo proposamenen justifikazioa barne hartuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun