Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, Getxorako Berdintasun Plan bat osatu eta onartu egin da. Hala ere, politika horiek "arlo guztietara" hedatzeko beharra plazaratu du. "Eskasak dira berdintasunetik harago beste arloetan lantzen diren politika feministak; hau da, planak ez dauka zeharkako izaera irmorik gaur egungo Udalaren politiketan", deitoratu du.
Gaur goizean Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpenak 8 konpromiso jasotzen dira, oinarrizkoak direnak. Baina, koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, "zoritxarrez ez da aurreikusten horiek garatzeko neurri konkreturik". Hori dela eta, neurri zehatzak hartu behar direla aldarrikatu eta proposamenaren bozketan abstenitu egin da EH Bildu, "ez delako nahikoa, eta gaur inoiz baino nekatuago gaude ondo geratzeko adierazpenak entzuteaz. Adierazpenetatik haragoko ekintzak nahi eta behar ditugu".