Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 24a, 17:30
Plana aurkeztu zuten atzo, Algortako Fadura kiroldegian.

Getxoko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana aurkeztu zuen atzo, eguenean, Algortako Fadura kiroldegian. Plana pasa den otsailaren 22ko osoko bilkuran onartu zen 2017-2020ko aldirako, eta Getxoko emakume eta gizonen egoeraren diagnostikoa egin ondoren idatzi da. Bere helburuen artean dago emakumeen parte hartze sozial eta politikoa indartzea, baina, batez ere, gizarte "parekideagoa eta bidezkoagoa" lortzeko lanabesa izatea, udal iturriek azaldu dutenez.

Getxoko "Emakume eta gizonen egoeraren diagnostikoa" egin ondoren idatzi da IV. Plana. Diagnostiko hori Berdintasun Kontseiluagaz konpartitu da eta, horrenbestez, udal taldeakaz ere bai, baita emakume elkarteakaz eta talde feministakaz ere. Getxoko emakume eta gizonek gaur egun bizi duten egoeraren irudi "ahalik eta osatuena" edukitzeko balio izan du diagnostikoak.

Diagnostiko hori izan da IV. Planaren abiapuntua, eta planak atzemandako beharrizanei, arazoei edo hobetu beharreko alorrei erantzun egokia emateko balio duela eta egokitzat jotzen diren ekintzak sustatzen jarraitu ahal dela bermatzeko asmoz egin da.

Hurrengo lau urteetarako plan hori urtero ebaluatuko dute, eta berdintasun politiken izaera transbertsala bermatzen duen ibilbide-orria izan gura du. Hartara, esku hartzeko lau ardatz ditu: emakume eta gizonen arteko berdintasunerako gobernantza, emakumeak euren parte hartze soziopolitikorako eta balioak aldatzeko ahalduntzea, antolaketa sozial erantzunkidea, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza. Ardatz bakoitza bi programatan garatzen da eta, beraien helburuak betetzeko, 99 neurri proposatzen dira.

Planaren edukia ezagutu nahi dutenek udal webgunera jo dezakete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun