Aurreko astean ere Leioako Artaza-Romo BHIko ikasleek azterketa horrekiko kontrakotasuna adierazi zuten. Gainera, ekimen horregaz, probaren kontra egiteaz gain, LOMCEri ere planto egin diotela aldarrikatu dute gazteek. Ekimen horren helburua da LOMCEk ezarri dituen errebaliden proba pilotuei planto egitea, “azterketa arrotzak direlako eta ez dutelako guk eraiki nahi dugun hezkuntza sistema islatzen”.
Ikasle Abertzaleak antolakundearen oharra:
Euskal ikasleok gure hezkuntza sistemaren errealitatea kezka handiz eta haserrez begiratzen dugu. Egungo egoera larria dela azpimarratu nahi dugu, izan ere, egun, Madrilen sukaldatu eta Hego Euskal Herrian inposatutako erreformek bereak hartu dituzte gure ikastetxeetan. Ikasleok, inposaketa ororen aurrean, arkatzak zorroztu eta mahaitik altxatu izan gara. Euskaraz ikasteko eskubidea urratu zaigunean, emakume izate hutsagatik zapaldua eta gutxietsia izatean, etorkizuna beltz ikustean, … eta oraingoan, erabat zentzugabe, arrotza zein inposatua den, gure eskubideak urratzen dituen eta gure interesak asetzen ez dituen hezkuntza erreforma eta bere errebaliden aurrean altxatzeko konpromisoa hartzen dugu berriz ere ikasleok.
Aurtengo ikasturtea LOMCE, Heziberri eta hezkuntzako inposaketen ikasturtea izan da. Gure heziguneetan hainbat izan dira eman diren aldaketak. Besteak beste, ebaluazio sistema, curriculuma, edukiak eta metodologiak inposatu dituzte. Ebaluazio sistemarena da erreforma honen azkenengo ondorioa: DBH amaitzean berriro ebaluatuko gaituen errebalida inposatu nahi dute. Ebaluazio sistema atzerakoi honek, dagoeneko kurtsoan zehar ikasleok nahikoa lehiatu ez dugula iritzita, inposatutako edukiak nork hobeto erreproduzitzen ditugun lehian sartuko gara berriz ere. Aurten, errebalidari planto egiteak ez du ondorio akademikorik, hau da, azterketa ez gainditu edota apurtzen badugu ez dago DBHko titulua kolokan. Gauzak horrela, errebalidari desobedientzia egiteko aukerak hamaika dira.
Hau ez da ezer berria, izan ere, duela hiru ikasturte hasi zen LOMCE aplikatzen, EAEn Heziberri izenez ere ezaguna den erreforma. Duela hiru ikasturte Wert eta Mendez de Vigok sortutuako eta Cristina Uriartek inposatutako erreformak hartu zuen gure hezkuntza sistema. Pixkanaka-pixkanaka aplikatu dute, isilpean. Baina ikasleok, kritiko, errebelde eta intsumisook badakigu zein diren PP, EAJ eta Geroa Bai-ren gobernu eta estatu atzerakoi hauen asmoak hezkuntzan, sistema kapitalista heteropatrarkalaren txotxongiloak izatea, hain zuzen. Baina errotiko arazo, ez da alderdi hauek gobernuan egotea, arazoa, sistema kapitaliste heteropatriarkalaren estruktura baizik. Sistemaren beste pieza baita hezkuntza, ikasleok kritikoki formatu eta gaitasun pertsonal zein kolektiboak garatzeko espazioa izan beharrean, egungo hezkuntzak, munduaren ikuskera bakarra ematen digu errealitatea ezkutatzen zaigularik. Horrez gain, hezkuntzak, ikasleok, pertsona sumiso eta akritikoak bilakatzeko funtzioa betetzen du.
Ikasleok argi dugu. Ez dugu inolako inposaketarik onartuko, gure eskubideak defendatuko ditugu eta horretarako hezkuntza eredu duina eraiki. Azterketa arrotzez, oztopoz betetzen digute bidea baina Euskal Herriak herritik eta herriarentzat behar duen hezkuntza eredu propioa egunez egun irudikatzen dugu eta etorkizuneko Euskal Eskola Nazionala urratsez urrats borrokatu. Ikasle Abertzaleok, LOMCE zein Heziberri bezalako inposaketen aurrean subjektu desobediente gisa azaltzen gara. Desobedientzia tresna hartuta, prest gaude inposatu nahi dituzten errebalidak apurtu, eta heziguneak Euskal Herria eraikitzeko plaza bilakatzeko. Ikasleok, konpromisoak biderkatuz eta kolektiboki antolatuz, inposaketa eta zapalkuntza ororen gainetik edozer dugulako posible.
Euskal ikasleria osoari zein hezkuntza komunitateko gainontzeko eragileei dei egiten diegu datozen hilabeteetan abiatuko diren planto dinamiketan parte har dezaten. Era berean, bat egiten dugu Hezkuntza Plataformen Topagunearen planto dinamikarekin, baita maiatzaren 5erako deitu diren mobilizazioekin ere, berau baita Lehen Hezkuntzan azterketa arrotzei planto egiten dabilen eragilea.
Inposaketa hauek ez dute lekurik gure ikasgeletan, denon artean egin diezaiogun aurre inposaketa honi, denon artean errebalidei PLANTO!
Planto dinamikak aurrera eramateko gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, helbide elektroniko bat sortu dugu: planto@ikasleabertzaleak.org