Presoen senideentzako diru-laguntzak bertan behera utziko ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko mai. 31a, 12:32

Getxoko udaletxea, artxiboko irudian.

Udalerriko preso politikoen senideei espetxeetara bisitan joateko diru-laguntzak berriro bertan behera uztea onartu du Getxoko Gobernu-taldeak, PP taldeagaz akordio batera heldu ostean. Horren truke, 50 proiektu urbanistiko baino gehiagorentzako kreditu gehigarriak babestuko dituzte popularrek.

Presoen etxekoei espetxeetako bidaien kostua arintzeko diru-laguntzak berreskuratu zituen iaz Getxoko Udalak. EAEtik kanpo espetxeratuta daudenen sendiek laguntza horiek eskatu ahal izan zituzten. Gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) eta EH Bilduren arteko akordioaren ondorioa izan zen deialdi hori, eta horretarako, 40.000 euro bideratu zituzten.

Diru-laguntza horiek berreskuratu ziren egunean, Popularrek ohartarazi zuten ez zutela inolako kontakturik mantenduko alderdi jeltzaleagaz, horiek mantentzen ziren arte. "Diru-laguntza hau onartzeak Gobernu-taldea EH Bilduren eskaeren aurrean uzkurtzen dela baieztatzen du", salatu zuen PPk.

"Presoen senideei diru-laguntzak ematea gehiegizkoa da. Biktimekiko errespetu falta itzela da, errekonozimendua eta konponbidea urratzen duelako", adierazi zuen Iñaki Gamero bozeramaile popularrak.

Atzo jakinarazi zutenez, baina, Gobernu-taldea eta PP akordio batera heldu dira, eta horren ondorioz laguntza horiek bertan behera geldituko dira, momentuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun