Gaur goizean, Getxoko udaletxearen sarreran egindako prentsaurrekoan, Gobernu-taldeak hartutako erabakia deitoratu dute Getxoko preso politikoen senideek. Etxekoei espetxeetako bidaien kostua arintzeko diru-laguntzak berreskuratu zituen iaz Getxoko Udalak. EAEtik kanpo espetxeratuta daudenen sendiek laguntza horiek eskatu ahal izan zituzten. Gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) eta EH Bilduren arteko akordioaren ondorioa izan zen deialdi hori, eta horretarako, 40.000 euro bideratu zituzten. Hala ere, aurten PP alderdiagaz sinatu dute ituna eta, horren ondorioz, bertan behera gelditu dira diru-laguntza horiek.
Senideek laguntza horiek mantentzea gura dute; hori dela eta, Imanol Landa Getxoko alkateagaz bildu dira prentsaurrekoaren ondoren.
Senideak bisitatzeko, 300 euroko gastua astero
Presoen etxekoek gogoratu dute 28 urte igaro direla Espainiako gobernuak dispertsio-politika aplikatzen hasi zenetik. Horren ondorioz, 660 eta 1.000 kilometro bitarteko bidaiak egin behar izaten dituzte euren senideak ikusi ateko. "Horrek, astero bidai luzeak bezain garestiak egitera behartzen gaitu senide eta lagunoi", jakinarazi dute; "batez besteko 300 euroko gastua izaten du lagun bakoitzak astero".
Asteroko bidai luze horiek "min fisiko, psikiko eta ekonomikoa" eragiten dutela deitoratu dute, eta aldarrikatu dute horiek egiteko diru-laguntzak ez liratekeela beharrezkoak izango urrunketa bertan behera utziko balitz.
"Arduradunek samina eta xantaia instrumentu gisa diseinatu zuten dispertsioa, eta guk ere aski badakigu, gure osasunarekin ordaintzen dugulako, eta 16 aldiz, gure bizitzarekin ordaindu izan dugulako ere", esan dute. Izan ere, gogoratu dute dispertsioak 16 hildako eragin dituela errepideetan: besteak beste, Antonia Fernandez, gerora hil zen Anjel Figeroa preso algortarraren amama zena.
Dispertsio politikaren kontra
Prentsaurrekoan gogoratu dutenez, presoen dispertsioa indargabetzeko akordio sozial baten aldeko jarrera adierazi dute EAJk eta PSEk. Hala ere, Getxoko Gobernu-taldea kritikatu dute, "ez delako zilegi eta guztiz hipokrita delako presoen senideei diru-laguntza kentzea, espainiar Gobernutik dispertsioa eta eskubideen urraketa mantentzen duen alderdi berarekin ituna egiteagatik".