Ibarbengoako aparkalekuaren kontrako borrokan jarraitzeko deia egin dute Tosukoek

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 19a, 17:13

Ehunka herritarrek aparkalekua egiteko proiektua salatu dute Algortako San Nikolas plazan.

Getxoko Tosu landa husteko Eusko Jaurlaritzak emandako epea igaro da; hala ere, bertan kanpatuta daudenek erresistentzian jarraitzen dute oraindino. Joan den barikuan, hilaren 16an, gainera, ehunaka lagun bildu ziren Algortako San Nikolas plazan Ibarbengoako metro-geltokiaren ondoko lur-eremu horretan egin gura duten aparkalekuaren kontrako iritzia adierazteko.

Eusko Jaurlaritzako delegazio bat eta Euskal Trenbide Sareko hainbat kide bertaratu ziren joan den ekainaren 5ean Tosuko landara. Notario batek, berriz, akta jaso zuen inguru horretan, eta bertan kanpatutako kideei gunea uzteko agindua ematen duen erresoluzioa eman zien. Notifikazio horren arabera, okupazioa "ilegala" da, "erabilera publikoko" jarduera bat galarazteko ekintza delakoan.

Ebazpena joan den ekainaren 1ean publikatu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean (EHAO); horretan aipatzen denez, Tosu landan kanpatutako gizon-emakumeek 8 egun balioduneko epea dute gunea libre uzteko, ebazpena Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; ebazpena ekainaren 5ean, astelehenean, publikatu zen.

Epea igaro da, baina oraindino erresistentzia jarraituko duela jakinarazi dute bertan kanpatuta daudenek. "Hondeamakinak Tosuko lantzarretan sartzeko gogoz daude aspaldi. Beraz, jarraitu behar dugu borrokan, adi egon datozen egunetan egongo diren mobilizazioetara eta bestelako erresistentzia ekintzetara", adierazi zuten joan den barikuko elkarretaratzean.

Aparkalekuaren kontrako kanpaldia

Ibarbengoa metro-geltokiaren inguru horretan Tosu landa dago, eta hantxe dago aparkalekuaren kontrako erresistentzia-kanpaldia, 2014ko irail ezkeroztik. Bertan kanpatuta dauden gazteen arabera, Ibarbengoako disuasio-aparkalekuaren kontra egoteko "lau arrazoi" daude. Euren arabera, proiektua "ekologiaren kontrakoa" da, "bertoko ortu-proiektu komunitarioa bertan behera geratuko litzatekeelako eta balio handiko lur azpiko akuiferoak suntsituko dituelako". Halaber, euren iritziz, "faraonikoa" da, "dirutza publikoa gastatuko dutelako eta betikoak baino ez direlako aberastuko proiektu horrekin".  Era berean, "proiektu ilegala" dela salatu dute, "derrigorrezkoa den Ingurumen Eragin Txostena egin ez dutelako"; eta, gainera, deitoratu dute hori gauzatzeko parte-hartzerik ez dela egon.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun