Daborduko hilabete bi igaro dira ordutik, horrenbestez, 10 hilabete dituzte oraindino azpiegitura eraikitzeko; Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) jakinarazi duenez, obrak «lehen baino lehen» hastea aurreikusita dago. Horiek amaitutakoan zabalduko da Ibarbengoa metro-geltokia, Berango eta Getxo artean. Horren lanak orain dela bost urte amaitu zituzten, baina oraindino ez dute zabaldu.
Estalitako 304 aparkaleku hartuko ditu parkingak. Sustatzaileek azaldu dutenez, «diseinu integratzailea» izango du, «geltokian eta Andra Marin integratuta geratuko da, soslai baxuko diseinuagaz». Hiru solairu edukiko ditu, horietako bi lur azpian egongo dira. Bertara sartu ahal izateko beharrezkoa izango da trenbidearen trazatutik paralelo joango den eta Ormazako estartagaz lotura izango duen errepidetik joatea. Hori erabiltzeko 70 zentimo ordaindu beharko dituzte gidariek, egun osoan autoa bertan uzteagatik. BGPk azpimarratu duenez, metro-linearen laugarren parkinga izango litzateke Ibarbengoakoa; Leioakoaren, Etxebarrikoaren eta BECekoaren ondoren. Emandako datuen arabera, errepideetatik 300.000 ibilgailu kentzea lortu da gaur egungo horiekaz. Horren harira, Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) uste du aparkaleku honek «arindu» egingo duela trafikoaren eta aparkatzearen arazoa udalerriko erdigunean: «zerbitzua emango die inguruko auzotarrei, baita Uribe kostakoei ere».
Oposizioak, zalantza ugari
EH Bilduk ez du uste azpiegitura hori getxoztarrentzat beharrezkoa denik, «ez du beteko bere funtzioa, ezta Andra Mariko auzokideen beharrak aseko ere». Hori dela-eta, Ibarbengoako metro-geltokia zabaltzea eskatu du koalizio abertzaleak, parkinga egin barik.
GUK Getxo taldekoen ustez proiektu hori «astakeria» da, «Andra Mari auzoaren kontrako erasoa, alegia». Esleipenaren harira, «diru gutxiagoren truke bere burua eskaintzen duen enpresa bati azpiegitura eraikitzeko» ardura ematea deitoratu dute GUK-k, «horrek gainkostuak eragiten ditu, Madrileko metroa eraikitzerakoan gertatu zen bezala».
Ciudadanos udal-taldeak ere bere desadostasuna agertu du disuasio-parkingarekiko: «EAJk ohituta gaituen amaierarik ez duten beste proiektu bat da, Romo Kultur Etxea eta Getxo Antzokia legez. Obra faraonikoak dira, ez bakarrik euren handitasunean, baizik eta euren luzapenean. Normala da ezinegona sortzea auzokideen artean».
Erresistentzia, Tosuko landan
Tosu landa izenagaz ezaguna den gunean eraikiko dute aparkalekua, eta hantxe dago proiektu horren kontrako erresistentzia. Horien arabera, parkingaren aurka egoteko «arrazoiak» egon badaude. Hori dela-eta, proiektua geldiarazi guran, erresistentzia-kanpaldi mugagabeari ekin zioten Tosu Betirako taldeko kideek eta hainbat herritarrek, urtarrilaren 12an, eguenean.Halaber, aparkalekuaren kontrako manifestazioa egingo dute zapatuan, hilaren 21ean, 12:00etan, Algortako Telletxe plazatik abiatuta.
Euren arabera, proiektua «ekologiaren kontrakoa» da, «bertoko ortu-proiektu komunitarioa bertan behera geratuko litzatekeelako eta balio handiko lur azpiko akuiferoak suntsituko dituelako». Modu berean, euren iritziz, «faraonikoa» da, «dirutza publikoa gastatuko dutelako eta betikoak baino ez direlako aberastuko proiektu horregaz». Horrez gainera, «proiektu ilegala» dela salatu dute, «ez dutelako egin Ingurumen Eragin Txostena, eta derrigorrezkoa da». Gainera, proiektuan parte hartzeko aukerarik ez dela egon deitoratu dute. Horren guztiaren aurrean, BGPk ez du ezer adierazi gura izan.
Ibarbengoako metro-geltoki «mamua»
Bost urte igaro dira Getxoko Ibarbengoako metro-geltokia eraiki zutenetik. Halere, ez dute zabaldu oraindino, horretarako baldintza nagusia aparkalekua eraikitzea delako, arduradunen arabera. Bestalde, geltokia eraiki bezain laster, Lurralde Zati Planaren kontrakoen alarmak isiotu ziren, eta etor zitekeenaren kontra egiteko, lau eguneko kanpaldia egin zuten metro-geltokiaren ondoan dagoen Tosu landan. 2011ko irailaren 8an ekin zioten kanpaldiari, eta udalerriko eta inguruko 60 bat lagun batu ziren bertan.
Erresistentziarako lehenengo ahalegina izan zen hori. Ondoren, herritar horietako askok landa okupatu zuten, ortuan jarduteko, ingurua ezagutarazteko eta proiektuaren salaketa publikoa egiteko helburuagaz, besteak beste.
Urteak igaro dira Tosuko lur-eremu hori okupatu eta lantzen hasi zirenetik, eta denbora tarte horretan, askotariko lagunak izan dira bertaratu direnak euren baratzeak lantzera, ortu komunitarioetan laguntzera edo inguru horretan antolatutako hamaika jardueratan parte hartzera.
Lehenengo kanpaldia egin eta hiru urtera, 2014ko irailean, beste kanpaldi bat antolatu zuen Uribe Kostako Proiektu Txikitzaileen Aurkako Asanbladak, autogestioaz eta proiektu txikitzaileen aurkako erresistentziaz gehiago ikasteko gune bezala. Hasiera batean tailer, mahai-inguru, bertso-afari eta kontzertuez osatutako aste biko egitaraua antolatu zuten, eta kanpaldia hainbat astez luzatu zen. Tosu Betirako taldeko kideek azaldu dutenez, «kanpaldi hari esker obren hasiera atzeratzea lortu zen, inguruan egin behar zituzten hainbat desjabetze behin-behinean gelditzea lortu baitzen».
Hurrengo hilabetean, aurreko egunetan landan eraikitako etxola negurako «atondu» zuten, bio-eraikuntzarako teknikak erabiliz, proiektu txikitzaileen aurkako borroken topaleku izateko helburuagaz. Aldarrikapen horregaz sortu zuten Tosu Betirako taldea, «hemen gaudela, parkingaren kontra gaudela eta gauzak beste modu batean egin daitezkeela esateko. Horren guztiaren aldarria da Tosu Betirako», azaldu dute taldeko kideek. Izan ere, inguru horretan aurreikusitako proiektua ez da bakarrik aparkaleku bat euren ustez: «Horren atzean proiektu handiago bat dago, nolabait azpijoko urbanistiko bat dagoelakoan gaude».
Hori guztia dela-eta, aparkalekua eraikitzeko lanak hastear daudela, hirugarren kanpaldiari ekin zioten joan den eguenean, urtarrilaren 12an. «Oraingo honetan kanpaldia mugagabea izango da. Jakin dezatela ez garela hemendik gure borondatez joango, bota beharko gaituztela», nabarmendu dute landan kanpatuta dauden kideek; «desobedientzia zibila zilegi dela uste dugu, proiektua bidezkoa ez delako», gaineratu dute. Horren harira, EH Bildu eta GUK udal-taldeek euren babesa adierazi diote kanpaldi mugagabe horri. Koalizio abertzaleak bat egin du Tosu Betirako taldeak proposatutako ekimenagaz, «erabat zilegi delako aurrera eramaten dabiltzan borroka». GUK Getxok ere bat egin du dinamikagaz, eta horretan parte hartzeko deia egin die herritar denei.
Aparkalekua, bai ala ez?
Hastear dauden obrek aspaldiko mamuak bueltan ekarri dituzte askoren iritziz. Izan ere, 2007an EAJ buru zuen Gobernu-taldeak Andra Mari inguruan 8.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Horrek azkenean ez zuen aurrera egin, herritarren aurkakotasuna eta krisi ekonomikoak bertan behera uztea ekarri baitzuen. Halere, zenbait auzokidek uste dute aparkalekuaren gaur egungo obrek bestelako helburua dutela: Getxoko edo Andra Mari auzoko berdegunea urbanizatzea.
Tosu Betirako kideen ustez jende asko dago horren guztiaren kontra. Hori dela-eta, ziur daude auzokideen indarraldi hori beharrezkoa dela proiektuari aurre egiteko: «Gutxi batzuen artean ez dugu proiektua geldituko, baina denon artean, konpromiso minimoak hartuta, lortzeko itxaropena dugu». Hala, udalerrian aparkalekuaren existentziaren beharraz eztabaida piztu, eta horren kontrakotasuna ikustarazteko guran, manifestaziora deitu dute: zapatu honetan izango da, urtarrilaren 21ean, 12:00etan, Algortako Telletxe plazatik abiatuta.