Eusko Jaurlaritzako delegazio bat eta Euskal Trenbide Sareko hainbat kide bertaratu ziren atzo Tosuko landara. Notario batek, berriz, akta jaso zuen inguru horretan, eta bertan kanpatutako kideei gunea uzteko agindua ematen duen erresoluzioa eman zien. Notifikazio horren arabera, okupazioa "ilegala" da, "erabilera publikoko" jarduera bat galarazteko ekintza delakoan.
Ebazpena joan den ekainaren 1ean publikatu zuten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean (EHAO); horretan aipatzen denez, Tosu landan kanpatutako gizon-emakumeek 8 egun balioduneko epea dute gunea libre uzteko, ebazpena Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; ebazpena atzo, astelehenean, publikatu zen.
Tosun kanpatuta daudenek jakinarazi dutenez, inguru hori "zenbait pertsonaren bizilekua da", eta horietako bat bertan erroldatuta dagoela azpimarratu dute. Hala, epaile-agindu barik, landan dagoen egurrezko etxolara sartu edo eraitsiko balute, legearen kontra joango liratekeela ohartarazi dute.
Horrez gainera, aparkaleku horren kontra jarraitzen dutela adierazteko, kontzentrazioa egingo dute datorren ekainaren 16an, 20:30ean, Algortako San Nikolas plazan.
"Erresistentzia-kanpaldia"
Ibarbengoa metro-geltokiaren inguru horretan Tosu landa dago, eta hantxe dago aparkalekuaren kontrako erresistentzia-kanpaldia, 2014ko irail ezkeroztik. Bertan kanpatuta dauden gazteen arabera, Ibarbengoako disuasio-aparkalekuaren kontra egoteko "lau arrazoi" daude. Euren arabera, proiektua "ekologiaren kontrakoa" da, "bertoko ortu-proiektu komunitarioa bertan behera geratuko litzatekeelako eta balio handiko lur azpiko akuiferoak suntsituko dituelako". Halaber, euren iritziz, "faraonikoa" da, "dirutza publikoa gastatuko dutelako eta betikoak baino ez direlako aberastuko proiektu horrekin". Era berean, "proiektu ilegala" dela salatu dute, "derrigorrezkoa den Ingurumen Eragin Txostena egin ez dutelako"; eta, gainera, deitoratu dute hori gauzatzeko parte-hartzerik ez dela egon.
304 plazako aparkaleku estalia
BGP, bere aldetik, aparkalekuaren aldeko "304 arrazoi garraio publikora igotzeko" izeneko txostentxoak banatu ditu, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Horren arabera, aparkalekuak 304 leku estali izango ditu, horietako zazpi mugikortasun urria duten pertsonentzat. Horiek egiteko obrak 12 hilabeteko epea izango dute, eta adierazi dutenez, azpiegitura horrek "gainerako udalerrietako hiriguneenetara heltzeko modu azkarra, segurua eta merkea eskainiko du, garraio publikoaren erabilera sustatuz".
Azaldu dutenez, aparkalekuak "diseinu integratzailea" izango du, "geltokian eta Andra Marin integratuta geratuko da, soslai baxuko diseinuarekin". Hiru solairukoa izango da eta horietako bi lur azpian egongo dira. Hori erabiltzeko, 70 zentimo ordaindu beharko dira, egun osoan autoa bertan utzi ahal izateko. Ibarbengoakoa metro-linearen laugarren aparkalekua izango litzateke, Leioakoaren, Etxebarrikoaren eta BECekoaren ondoren; BGPk emandako datuen arabera, gaur egun daudenakaz, 2014an errepideetatik "300.000 ibilgailu kentzea lortu zen". Aparkalekuak trenbidearen trazatuagaz paraleloan joango den eta Ormazako estartagaz lotura izango duen errepidetik izango du sarbidea.
Ibarbengoako metro-geltokiak ia zazpi urte daroatza itxita, eta aipatutako aparkalekua eraiki arte ez dute hori zabalduko