Hutsik dauden etxebizitzen gaineko azterketa laster abiatuko du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko uzt. 21a, 18:14

Getxon hutsik dauden etxebizitzen diagnostikoa egiteko asmoz, Udal Gobernu Batzarrak aholkularitza-enpresa bat kontratatzeko espedientea hastea onetsi du; enpresa horri adjudikatuko diote azterketa hori. Ikerketa dator gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) eta EH Bilduk 2016an sinatu zuten aurrekontu-hitzarmenetik.

Aipatu hiru taldeen sostenguaz gainera, osoko bilkurak orain dela hilabete batzuk onetsi zuen 70.000 euroko kreditu gehigarria, Getxon hutsik dauden etxebizitzen inguruko azterketa egite aldera; aipatutako alderdiek eta Ciudadanosek alde bozkatu zuten, eta PP eta GUK aurka agertu ziren.

Lan horren bitartez, Udalak ezagutu gura du zein den udalerrian hutsik dauden etxebizitzen benetako egoera eta zer ezaugarri dauzkaten, errolda bat sortzeko (zenbakia, kokapena eta abar adierazita). Halaber, informazioa egunean mantentzeko parametroak ezarri gura dituzte, balizko agertoki eta jarduketa-hipotesiak diseinatzeko. Horretaz gainera, azterketaren helburu nagusia da identifikatzea zein neurri hartu daitezkeen hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko.

Azterketan, besteak beste, etxebizitzen egungo eta benetako egoerari buruzko mapa edo plano bat eta material grafikoa sortuko dira (kokapena adierazita).

Joseba Arregi Getxo Udaleko Hirigintza, Obra, Zerbitzu, Ondare eta Etxebizitza Arloko zinegotziak honako hau azpimarratu du: "diagnostiko horri esker, hutsik dauden etxebizitzak erabiltzeko politikak eta estrategiak diseinatu ahal izango ditugu, benetako datuetatik abiatuta eta informazio kualitatibo oso garrantzitsua eskura izanda".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun