Tosu landako kanpalekua hustu dute eta lanak abiarazi dituzte

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 17a, 17:56

Etxola defendatzeko herri-harresia egin dute. Ertzaintzak indarrez desegin du, 25 minutuan.

Ertzaintza hurbildu da gaur goizeko 08:00ak aldera Getxoko Tosu landara. Aldi berean, parkinga egiteko Geocisa enpresako beharginak eremura sartu dira eta handik denbora gutxira hondeamakina lanean jarri dute. Ertzainek erresistentzia-kanpaldian bildutakoak kanporatu eta hondeamakinak Tosuko elkargunea zen egurrezko etxola bota du.

Goizeko 08:00ak aldera, Ertzaintza Getxoko Tosu landan sartu da, bertako Tosu Betirako mugimenduko kideak kanporatu eta Metro Bilbaoren parkingaren lanak ahalbidetzeko. Bertan lo egin duten hamar bat lagun zeuden inguruan, Ertzaintzaren lehenengo autoak iritsi direnean. Orduan, Tosukoek landara gerturatzeko eta laguntzarako deia zabaldu dute sare sozialen bidez eta, horri esker, apurka-apurka jendea hurbiltzen hasi da bertara. Hala ere, horietako asko kanpoan gelditu behar izan dira Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak goizean goizetik jarritako hesiak eta kontrolak gainditu ezinik. HIRUKAko eta Berriako kazetari banak arazoak izan dituzte hasieran landara gerturatzeko, udaltzainek trabak ipini dizkietelako; hala ere, azkenean sartzen utzi diete. Beste hainbat auzokide ere eremura sartzea lortu dute, ezohiko bidexkak erabilita eta, zenbait kasutan, ertzainei izkin eginez.

Tosu utzarazteko agindua eman zuen epaileak joan den abuztuan, eta hori gauzatzeko hurbildu da Ertzaintza bertara. Hala ere, ekologistek uko egin diote alde egiteari, eta hiru lagun kateatu egin dira bertan. Horietako bik porlanez betetako ontzi banatan kateatu dituzte besoak; bestea, lau metro inguruko egurrezko dorrean kateatu da.

Horiek denak askatzeko suhiltzaileen laguntza behar izan dute ertzainek; hala ere, dorrean zegoen ekintzaileari katea kendu dioten arren, hark bertatik jaisteari uko egin dio. Suhiltzaileek ez dute behartu jaistera, "arriskuan ez zegoelako", eta landatik alde egin dute. Horren aurrean, ekintzailea "arriskurik gabe" plataformatik bajatzeko talde espezializatu bati deituko ziotela azaldu du ertzainen buruak; hala ere, oraindino ez da inor joan eta bertan jarraitzen du Tosu Betirakoko kideak.

Hori dena egin duten bitartean, parkinga egiteko obrei ekin diote Geocisa enpresako beharginek. Etxola barruan kateatuta zegoen ekintzailea askatu ondoren, hondeamakina egurrezko azpiegiturara hurbiltzen hasi da, apurka-apurka. Horren aurrean, etxola eraistea galarazteko guran, herri-harresia osatu dute landara hurbildutako 45 bat lagunek. Ertzaintza gogor oldartu da horien kontra, eta 25 minutuan denak kanporatu dituzte, banan-banan. Jarraian, hondeamakinak etxola bota du.

Datozen egunetako mobilizazioak:

Tosu Betirako mugimenduko kideek adierazi dutenez, "kaleratzea lortu duten arren, erresistentziarekin aurrera jarraituko dugu, parkinga geldiarazi arte". Horretarako, hainbat mobilizazio deitu dituzte egunotarako: gaur manifestazioa egingo dute Telletxe kalean, 19:30ean; ondoren erresistentzia-kanpaldia egingo dute San Nikolas plazan. Bihar, eguaztenean, 20:00etan manifestazioa egingo dute San Nikolas plazatik abiatuta; eta zapatuan, hilak 21, bigarren manifestazioa eta kontzertua egingo dute, Telletxe plazatik hasita, 12:30ean.

Tosu Betirako mugimenduak zabaldutako bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun