Epaileak Tosu abuztuan utzarazteko agindua eman duela iragarri dute

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 4a, 11:45

Utzarazte saiakera egon zen joan den urtarrilean.

Tosu Betirako plataformako kideek gaur bertan jakinarazi dutenez, joan den astelehenean Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak abuztuan Tosu landara sartzeko agindua lortu dute, "epailea presionatzen ibili eta gero". Erresistentzia-mugimendukoek salatutakoaren arabera, EAJk hilabete hori aukeratu du "justiziarik gabeko hilabetea" delako, jendea oporretan eta jaietan murgilduta dagoenean "herriaren aurkako lege eta neurriak ezartzeko garairik onena" delako. Hala ere, Tosukoek ziurtatu dute utzarazteari aurre egingo diotela, "ilusioz, indarrez eta elkar-laguntzaz". Horretarako, datorren hilaren 9tik aurrera, eguenean, Erresistentzia Oporrak ekimena egingo dute Tosu landan bertan.

Mugimenduko kideek iragarri dutenez, bidea ez da utzaraztean amaituko, "horrek beste borroka-egoera batzuk sortuko baititu obrak bertan behera uzten dituzten arte".

Horregatik, abuztuaren 9tik aurrera Tosun antolatu dituzten Erresistentzia Oporretara hurbiltzeko deialdia egin dute Getxoko, Uribe Kostako eta Euskal Herriko biztanle denei. "Dauzkagun oporrak eta erresistentzia uztartzeko egitarau xumea prestatuko dugu giro paregabean: kontzertuak, Portu Zaharreko jaietako probetan parte hartu, txonbo herrikoiak eta abar. Ondo etorriak zarete! Janaria, gure kontu; lo-zakua, konpromisoa eta bizipoza danon kontu!".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun