2015-2016ko ekitaldian akordioa lortu zuen EH Bilduk EAJ eta PSE-EE taldeakaz. Hala, koalizio abertzalea aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen, horiek onartzea ahalbidetzeko; "horren trukean hainbat hobekuntza onartu ziren arlo ezberdinetan: besteak beste udalerriko gazteak emantzipatzeko diru-laguntza, etxe hutsen zentsua egiteko diru-partida, elkarte denei zuzendutako diru-laguntzen igoera, euskararen sustapenari begirako diru-laguntzen igoera, Bentako eraikinaren etorkizuna erabakitzeko prozesu parte-hartzailea eta Emakumeen Etxearen beharra azaleratu duen prozesu parte-hartzailea".
Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, iaz ere auzokideek helarazi zizkieten proposamen denak aurkeztu zizkioten Gobernu-taldeari, "baina EAJk ez zuen akordioa erdiesteko borondaterik izan", deitoratu dutenez.
Aurten "aurrerapauso" berri bat emango dute prozesuari begira, parte-hartzea erraztuko duten euskarri berriak martxan jarriz. "Gure helburua auzokideengana gerturatzea izanik Getxoko elkartegintza osatzen duten talde kultural, sozial eta politikoekin batzen ari gara". Horrez gainera, hainbat bilera egiten ari dira norbanakoakaz udal aurrekontua zer den, nola sortzen den eta EH Bilduren proposamenak zeintzuk diren azaltzeko asmoz.
Ondoren, norbanako eta talde guzti horiei euren iritziak emateko eskatzen ari die EH Bilduk: "Herritar zein taldeek euren ideiak edo proposamenak helarazteko bide ezberdinak eskura jarri ditugu. Bilerez gain etxez etxe diptiko bat bidali dugu herritarrei gure proposamenak lehenesteko eskatuz eta haien ekarpenak egitera gonbidatuz. Horiek herriko taberna ezberdinetan jarri ditugun postontzietan utz daitezke edo emailez bidali".
Amaitzeko, bilera irekia egingo dute azaroaren 23an Algortako Villamonte Kultur Etxean, arratsaldeko 19.00etan ekarpen guztiak partekatu, ideiak adostu eta aurrekontu proposamena bozkatzeko.