Itzubaltzeta gaztetxeko hitzarmena sinatzear dagoela iragarri dute

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 24a, 08:03
Errekaganeko pabiloiak bota behar izan zituzten, sutearen ondoren. Gaztetxe berria bertan eraikitzea dago aurreikusita.

Itzubaltzeta/Romoko Errekaganeko lurzorua eta pabiloien etorkizuna arautuko da eta horren hitzarmena sinatzeko "atarian" daude IGAKE Itzubaltzetako Gazteriaren Aisialdi eta Kultur Elkartea eta Getxoko Udala. Horren nondik norakoak azaltzeko, bilera irekia egingo dute gaztetxekoek barikuan, hilaren 24an, Ezekiel Aguirre kaleko 2. zenbakian dagoen behin-behineko gune autogestionatuan; 19:00etan jarri dute hitzordua.

IGAKEk azaldu duenez, gaztetxea berreskuratzeko proiektuak autogestio-izaera izango du ardatz. Hala ere, iragarri duenez, akordioak askotariko zehaztapenak barnebilduko ditu, hala nola funtzionamendua, alde bien arteko komunikazioa, elkarlana eta auzokideakaz bizikidetzarako markoa, ekintzen ordutegiei dagokiona, batez ere.

Era berean, gaztetxea hartuko duen eraikin berriaren eraikuntzarako proiektu berria definituko dute laster. IGAKEk iragarri du Itzubaltzeta gaztetxeak baloreei eta ekinbide orokorrari dagokionean "berdin" funtzionatuko duela, hau da, "parte-hartze aktiboaren bidez eta asanbleen bidez lanean" jarraituko dute, "gazte ahalduntzea" sustatuko dute eta "auzoko eta Getxoko gazteriari begirako alternatiba errealen eraikuntzan lanean" jarraituko dute.

Hamalau urteko ibilbidea

Itzubaltzetako gazte asanbladak 2003an okupatu zuen Errekagane kalean kokatuta zegoen eraikina. Okupazio horretan askotariko talde kulturalek eta auzokideek ere parte hartu zuten, "herriarentzako eremu alternatiboa, gaztea eta kultura sorkuntzarako baliagarria bihurtze aldera", azaldu dutenez.

Ostera, 2008an udalerria gogor kolpatu zuten uholdeak jazo ziren. Errekagane kalean, inguruko hainbat etxebizitza, garaje eta lokal urpetu ziren. Horren aurrean, URA Uraren Euskal Agentziak proposatutako hobekuntza hidraulikorako neurriak hartzea erabaki zuen Getxoko Udalak. Hala, Gobela ibaia egokitzeko proiektua abiatu zuten.

Urte hartako uholdeek ez zuten Itzubaltzeta gaztetxea hartzen zuen pabiloia kaltetu. Hala ere, Gobela ibaia zabaltzeko obren ekintza eremuaren baitan kokatzen zenez, 2013ko otsailean ateak itxi behar izan zituen gune autogestionatuak.

Egoera horren aurrean, gaztetxeko kideek eta Udalak elkarlanean aritzeko akordioa adostu zuten, obrak amaitu ondoren gune autogestionatua berreskuratu eta proiektuari jarraipena emate aldera.

Obrak irauten zuten bitartean, Itzubaltzeta/Romoko gaztez osatutako IGAKE Itzubaltzetako Gazteriaren Aisialdi eta Kultur Elkarteak eta Getxoko Udalak behin-behinean gaztetxea beste leku batean kokatzea adostu zuten: Ezekiel Aguirre kaleko 2. zenbakiko udal-eraikinean. "Eraikin hau, autogestioa ardatz izango zuen proiektua aurrera eramateko tresna bezala definitu zen. Bitartean, eta paraleloki, behin obrak amaituta jatorrizko lekura bueltatzeko, elkarlanean oinarritutako akordio bat landuko zen", azaldu dute gazteek.

Hala, urteotan alde biak eraikinaren lagapenari lotutako baldintzak hasierako proiektuaren printzipioetara, filosofiara eta gazte politikaren planteamendu lokalari egokitzeko akordio baten oinarrien inguruan lanean ibili direla azaldu dute IGAKEkoek.

Pasa den apirilean, baina, Errekaganeko pabiloiek su hartu zuten, eta horrek ezinegona sortu zuen auzoko gazte askoren artean. Hala ere, gaztetxea berreskuratzeko lanean zeuden alde biek proiektuari jarraipena ematea "argi ikusi" zutela ohartarazi dute gazteek. Hala, elkarteak eta Udalak, gune-autogestionatuari jarraipena emango dion leku berri baten eraikuntzarekiko konpromisoa berretsi zuten.

Kontuak horrela, etorkizuneko Errekaganeko eraikinaren lagapen baldintzak arautuko dituen hitzarmena sinatzeko atarian daudela iragarri dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun