Getxoko Udalaren Bozeramaleen Batzordeak ostiralean aho batez adierazpen instituzionalean onartutako testua atzo irakurri zen Euskal Herriko udalerri ugaritan, Euskaraldia ekimenari hasiera emateko; hizkuntz-ohiturak aldatu gura dituzte. Alkateak ilusioa eta elkarlana eskatu zituen, euskararen lurralde eta esparru juridiko guztietan ahalik eta erarik bateratuenean gure hizkuntzarentzat etorkizun bizia irabazteko. Elkarrenganako adeitasunez. Elkartasunez. "Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko", adierazi zuen Landak. Bestalde, Bizarra Lepoaneko presidenteak gehitu zuen "ideien konfrontazioari uko egin gabe, irtenbideak adostuz, bakoitzaren eginkizun eta erantzukizunekiko errespetuz, elkarrenganako leialtasunez, eta denok norabide berean bultzatuz" egin behar dugula. Egizuko idazkariak amaitu zuen nabarmenduz "Euskararen Eguneko gure konpromisoa datozen 365 egunotan izan dadin, lan egitea beharrezkoa dela, auzolana baliatuz".
