EH Bilduk hilabete eman du aurrekontuetarako proposamena osatzeko prozesu parte-hartzailea gauzatzen. Inkestak bidali dituzte etxeetara, eta horiek jasotzeko postontziak jarri dituzte hainbat puntutan. Gainera, aurten inkesta egiteko baliabide digitala egon da aukeran. Horrez gainera, 25 elkarte baino gehiagogaz batu direla jakinarazi dute koalizio abertzalekoek, "euren ikuspegitik bideratutako ekarpenak jasotzeko". Halaber, zenbait norbanakogaz ere bildu dira.
"Egindako prozesuaren balorazioa positiboa egiten dugu; guztira, 120 ekarpen inguru jaso ditugu, horien artean 90 norbanakok inkesta digitalaren bidea erabili dute ekarpenak egiteko", azaldu dute EH Bildukoek.
Jasotako ekarpenen artean, hurrengoak azpimarratu ditu koalizio abertzaleak:
- Bolue-Larrañazubi gunea hobetzea, baita Gobela ondoko guneak mantentzea ere.
- Ortu ekologiko komunitarioak egitea.
- Gazteentzako diru-laguntzak: alokairurako, ikasteko, lanpostuak lortzeko...
- Gazteentzako lokalak eta jarduera kulturalak antolatu.
- Bidegorri-sarea hobetu eta luzatu.
- Komun publikoak parkeetan.
- Jantoki-soziala jartzea.
- Andra Marin liburutegi bat sortzea.
- Hirugarren adinekoentzako tutoretzako etxebizitzak sortzea.
- Guardia Zibilaren kuartelean gazteentzako etxebizitzak egitea.
- Hiri-autobusa martxan jarri, Algorta eta Andra Mari lotzeko.
Getxoko Gobernu-taldeak gainontzeko udal-taldeei aurkeztu dion aurrekontu-proposamenaren harira, EH Bilduk uste du "oso kontinuistak" direla, "ez dagoela berritasun nabaririk eta sumatzen dugu ezkutuko murrizketak badaudela".
Aurrekontu "kontserbadoreak" direla deitoratu du koalizio abertzaleak, "ez diote errealitateari erantzuten". Salatu dutenez, "urtero ikusi behar izango dugu gero dirua pasatuko dela partida batetik bestera, aurrekontua ez delako ondo egin, ez delako egiazkoa izan". Hori dela eta, aurrekontu "txarrak eta txarto egindakoak" direla deitoratu du.
Negoziatzeko prest dago EH Bildu
Dena dela, aurrekontuen harira negoziatzeko prest daudela azaldu dute EH Bildukoek: "horretarako egiten ditugu gure aurrekontu prozesu parte-hartzaileak. Dena den, argi dute, negoziatzen hasi aurretik "EAJk eta PSE-EEk bermatu beharko dute baldintza nagusi bezala aurrekontuak Udalbatzan eztabaidatzea". Hala, Imanol Landa alkatearen sinadura eta konpromiso publikoa eskatu dute, balizko negoziaketa batean murgildu aurretik.