Askotariko jarduerak egongo dira aukeran Getxon Gabonak ospatzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 12a, 11:47
Olentzero eta Mari Domingiren kalejira egingo dute abenduaren 24an Getxon. © GETXOKO UDALA

Gabonak heltzear daude, eta horiei begira dago daborduko Getxo udalerria. "Getxon dena daukazu" lemapean, berton kontsumitzeko kanpaina abiatu du Udalak, "kaleak, dendak eta ostalaritza dinamizatzeko". Hala, Getxon kontsumitzen dutenen artean opariak banatuko dituzte. Gainera, askotariko jarduerak egongo dira egunotan familia eta lagun artean gozatzeko. Gabonetako argiteria atzo, astelehenerako, jarrita egon behar bazuen ere, Udalak jakinarazi du eguraldi txarrak "eragin negatiboa" izan duela aurreikusitako lanean eta leku batzuetan argiak ipintzeko eginkizuna atzeratu egin dela. Hala, instalazio osoa aste honetan egitea aurreikusi dute.

Olentzeroaren kalejira eta Erregeen desfilea

Olentzeroaren batzordeek eta dantza taldeek hainbat jarduera antolatu dituzte abenduaren 23 eta 24an, auzo bakoitzaren arabera. Kalejiren ibilbideak eta beste jarduera batzuk ezagutzeko udal webgunera jo dezakezue: www.getxo.eus/euskera.

Gainera, Errege Magoek ohiko kabalgata egingo dute bariku arratsaldean, urtarrilaren 5ean, udalerriko kaleetan barrena. Ondoren erregeen harrera-ekitaldia egingo da.

Gabonak Romoko Kultur Etxean

Romoko Kultur Etxeak proposamen ludikoak antolatuko ditu berriro, 3 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Abenduaren 26an, 27an, 28an eta 29an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dira ekintzak, hau da, ezaugarri desberdineko tailerrak eta irudimena eta sormena garatzeko jarduerak. Aurten, lehenengo aldiz, tailer artistikoak ingelesez izango dira.

Haurrentzako antzerkia

Abenduaren 28an, ostegunean, "Ilargi arrantza" antzezlana ikusi ahal izango da Battit Halsouet eta marion Gardieren eskutik Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan, 18:00etan. Euskaraz eta publiko familiarrentzat izango da.

Hurrengo egunean, hilak 29, ostiralean, "Garbancito en la barriga del buey" antzeztuko du La Gotera de Lazotea taldeak, ordu eta leku berean. Oraingo honetan, gaztelaniaz antzeztuko du.

Bi saioetarako sarrera 5 eurokoa da.

Gabonak Kukupraka ludotekan eta GauEgun gaztelekuan

Areetako Eskoletako plazan dagoen ludotekan, aisialdirako hainbat ekintza antolatuko dira 5 eta 11 urte bitarteko umeentzat: jokoak, tailerrak, lankidetza-jolasak eta mota askotako dinamikak. Gure umeak hezi nahi ditu ludotekak aisialdian modu dibertigarrian eta, horrez gainera, aisialdian euskararen erabilera ere sustatu umeen artean. Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilakren 2tik 5era egingo dira jarduerak, 10:30etik 13:30era. Dohainik dira eta plazak mugatuak dira.

Halaber, Algortako Urgull kaleko Gauegun gaztelekuan, normalean joaten direnentzat gabon-merendola egingo dute abenduaren 22an. Gabonetako Haur parkera joateko irteera ere izango da abenduaren 23an, Olentzeroari lotutako gabonetako eskulan tailerrak egongo dira abenduaren 26an, eta azkenik, txokolate jana hilaren 28an.

Bapiruke koloniak

Bizarra Lepoan elkarteak ere, Udalaren laguntzarekin, Bapiruke koloniak antolatu ditu berriro euskaraz. 5 eta 12 urte arteko umeek hainbat jardueretan (tailerrak, jolasak, irteerak…) parte hartuko dute abenduaren 26tik urtarrilaren 5era. Algortako Juan Bautista Zabala eskoletan eta Romo herri ikastetxean egingo dira koloniak. Inskripzioa egiteko epea itxita dago daborduko.

Kirol campusak

Aurtengo Gabonetan, 15 kirol campus eskainiko dituzte zenbait kirol taldek, Getxo Kirolak-en laguntzarekin, honako modalitate hauetan: kirol egokituan, gimnastika erritmikoa, kirol anitzekoa, saski-baloia, igeriketa, tenisa, futbola, patinajea, boleibola, skate, errugbi, piraguismoa eta xakea. Informazio gehiago Getxo Kirolaken web orrialdean: www.getxokirolak.getxo.eus.

Tabernen ordutegia zabalduko da

Abenduaren 15etik, barikutik, urtarrilaren 6ra arte, Getxoko Udalak ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia ordu biz zabalduko du, ostalaritzako 2, 3 eta 4  taldeetako establezimenduetan, Gabonetan sektore horretako jarduera ekonomikoa laguntzeko asmoz.

Aparkalekua, Romo ikastetxean

Aurten ere, Romo herri ikastetxeko patioa ohiz kanpoko aparkaleku publiko gisa erabiliko da berriro gabon-egunetan. Abenduaren 24tik, domekatik, 16:00etatik aurrera, eta 25era, astelehenera, 22:00ak arte, aparkatu ahal izango da bertam. Ordutegi berbera izango da abenduaren 31etik urtarrilaren 1era eta urtarrilaren 5etik 6ra. Aparkaleku gisa erabiltzeko ordutegia amaitu ondoren bertan lotu diren autoak, garabiak eramango ditu.

Erakusleiho-lehiaketa, eta Gabonetako dinamizazioa Getxo Enpresagaz

Erakusleiho-lehiaketak 27. ekitaldia ospatuko du aurten, nobedade bategaz: Bertoko Sari Berezia. Hala, horretan parte hartzen duten establezimenduek 30 sari baino gehiago lortu ahal izango dituzte.

Aldi berean, Gabonetako kanpaina dinamizatzeko, "Gabonen magia Getxon" ekimena jarriko da abian,  Oliver magoagaz, abenduaren 12tik 22ra, arrastiko ordutegian. Egun horietan magoak kanpainagaz bat egin duten establezimenduetan magia ikuskizunak eskainiko ditu.

Algortako Dendak merkatarien elkartea, "Eguberri kreatzaile eta jasangarria" kanpainagaz

Oraingoan, Algortako Juan Bautista Zabala ikastetxeko haurrek “apaingarri jasangarriak” egingo dituzte parte hartzen duten dendetako erakusleihoak apaintzeko. Horiek kartoizko izarrak, elur-oreinak eta gabon-zuhaitzak izango dira. Gainera, Berta Gonzáleze Arte Ederretako profesional batek erakusleihoak apainduko ditu eskuz egindako marrazkiakaz. Eta beste urte batez, gogoko Gabonetako zozketa bat ere egingo da, 300 euroko, 200 euroko eta 100 euroko sariakaz, parte hartzen duten establezimenduetan gastatzeko.

Oparitu euskaraz

2017/2018ko Euskarazko Produktuen Katalogoak dagoen eskaintzari buruzko informazio erabilgarria eta erabatekoa jasotzen du, zazpi ataletan banatuta: musika, liburuak, aldizkariak, DVD filmak, jostailu eta jokoak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Nobedade gisa, katalogoak bi atal erabat desberdin ditu, bata 12 urte arteko umeei zuzendua eta, bigarrena, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoei zuzendua, atal bakoitza diseinu desberdinarekin. Udalak 1.500 ale banatu ditu 0 eta 16 urte bitarteko haurrak dituzten 7.000 familiari informazio-eskutitza bidali die. Aurten, Interneteko bertsioa, www.katalogoa.eus, sakelako telefono eta tabletentzat egokitu da. Udalak 2.000 orri-markatzaile banatu ditu, katalogoaren zabaltzea are handiagoa izan dadin. Udalerriko 12 liburu-dendak kolaboratzen dute ekimenarekin eta badituzte aipatutako produktuak.

Getxolandia 2017

Getxolandia, Getxoko Haur Parkeak askotariko jolasak eta atrakzioak izango ditu haurrentzat, abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra, ohi baino aste bat gehiago, Areetako Xake plazan. AFADE, Euskadiko Ferialarien Elkarteak antolatuko du aurten, Getxoko Udalaren laguntzagaz, eta ohiko atrakzioen eskaintza izango du. Aurten karparik gabe izango da, "aurreko urteotan publikoaren kopurua murrizteko zegoen beharra ekiditeko", Udalaren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun