Itzubaltzeta/Romo auzoan babes ofizialeko etxebizitzak falta zirela azaldu zuen Getxoko Udalak 2017ko abenduko GetxoBerri aldizkarian. Horren aurrean, Romo Plataformak adierazi zuen informazio hori ez dela "guztiz egiazkoa", eta baieztatu zuen egon badaudela mota horretako etxebizitzak, Gorbea eta Errekagane kaleetan, hain zuzen ere.
Horren aurrean, Gobernu-taldeak azaldu du etxebizitza horiek denak libreak direla gaur egun, nahiz eta bere garaian BOE gisa sustatu ziren. Hala, argitu gura izan dute udal-aldizkarian argitaratu zuten mapan BOE kalifikazioari eusten dioten etxebizitzak agertzen direla soilik.
Romo Plataformak aipatutako etxebizitzak horren adibide direla aitortu dute arduradunek, baita Makaleta etorbidekoak edo Arkotxakoak ere, "horiek ere ez baitira aipaturiko mapan agertzen. BOEren kalifikazio iraunkorra Eusko Jaurlaritzaren 315/2002ko Dekretutik aurrera ezarri zen".
Udal aldizkarian "Aro demokratikoan bultzaturiko BOE sustapenak" esaldia agertzen zen; horren ordez, "Aro demokratikoan bultzaturiko BOE Sustapenak, gaur egun horrelako kalifikazioari eusten diotenak" jaso behar zuela aitortu dute arduradunek.
Dena dela, Gobernu-taldeak BOEen aldeko apustu "garbia" berresten duela azaldu du; hala ere, Romo Plataformaren iritzia "errespetatzen" duela adierazi du.