Hirugarren film luzeagaz hasi da benetako zinema-zuzendaria dela sentitzen Koldo Serra, zintzoki aitortu digunez. Urteak dira zinemagintzan hasi zenetik; bidean, film laburrak, iragarkiak, telesailak eta metraje luzeko beste pelikula bi, "Bosque de sombras" eta "Gernika", egin ditu algortarrak. Ez ditu beste lanak gutxietsi gura izan, baina honako hau "itxarondako semea" dela dio.
Zelan erabaki zenuen zeure hirugarren film luzeari ekitea? Agian bitxia irudituko zaizu, baina 2011tik eskuen artean daukadan proiektu bat da "70 binladens" filma. Duela zazpi urte helarazi zidaten testua Javier Echániz, Asier Guerricaechevarría eta Juan Gil Bengoa gidoilari bilbotarrek; garatzeari ekin genion orduan. Bururatzen zitzaizkidan ideiez berba egiten hasi ginen; baina, halako batean, "Gernika" egiteko aukera sortu zitzaidan, eta proiektua atzeratzea erabaki genuen. Aurreko pelikula filmatzen amaitu nuenean tiraderatik atera eta hautsa kendu genion gidoiari; sekulako abiadura hartu zuen egitasmoak. "Gernika" filmatzen amaitu eta urte bira metraje luzeko nire hirugarren pelikula egiten hasiko naiz egun gutxi barru.
Zergatik ipini diozu "70 binladens" izenburua? Ikusleek filma hasi bezain laster irakurri ahal izango dute "binladen" bat zer den, pantailan agertuko zaien gaininpresio bati esker: kaleko hizkuntzan horrela deitzen zaie 500 euroko billeteei; denok dakigu existitzen direla, baina inortxok ere ez ditu ikusi. Egia esan behar badut, duela zazpi urte proiektua garatzeari ekin genion arte, nik ez neukan horren berri; ordutik, hainbat egunkaritan irakurri ere egin dut 500 euroko billeteei horrela deitzen zaiela.
Kontua da filmaren protagonistak 35.000 euro lortu beharko dituela 24 orduan; trama ez zapuzteko ezin dut argitu zergatik. Pelikularen tituluak protagonistak behar dituen 500 euroko 70 billeteen aipamena egiten du.
Zertaz dihardu filmak? Ohitura zaharrei jarraituz egindako banku-lapurretei buruzko thriller bat da. Hala ere, oraingo honetan ez dira lapurrak edo kanpoan dagoen polizia protagonistak izango. Esaterako, Spike Lee zuzendariaren "Inside man" filmean Clive Owen daukagu lapurraren papera egiten eta Denzel Washington kanpoan, negoziatzaile. Gurean, ostera, banketxean bahitutako pertsonetako bat izango da protagonista: 35.000 euroko kreditua eskatzera doan emakumea, lapurretaren erdi-erdian harrapatuta gelditzen dena, alegia. Emma Suarezek egingo du 500 euroko 70 billete lortzeko premia daukan pertsona horren papera.
Bestalde, thriller bat izan arren, umore-ukitu batzuk ere edukiko ditu filmak. Beti esaten dut gurago dudala lan hau "La estanquera de Vallecas" pelikulagaz antz handiagoa izatea, "Inside man"-egaz baino. Banku-lapurreta txikiagoa da nik irudikatu gura dudana; atrakua baino, lardaskeria, neurri batean.
Zeintzuk dira zure aginduetara egongo diren aktoreak? Daborduko iragarri dugu Emma Suárez, Nathalie Poza, Hugo Silva eta Fernando Albizu aktoreek parte hartuko dutela. Beste izenen bat ere aurrera dezaket... Esaterako, Barbara Goenaga ere egongo da filmean. Emmaren papera zein izango den lehentxeago argitu dut; Nathalieri eta Hugori dagokienez, eurak izango dira banku-lapurrak: kartzelatik atera berriak, auzo bateko sukurtsalean ostera joango dira. Fernandori eta Barbararen gainean oraindik ezin dut esan zer paper egingo duten; parte hartuko duten aktoreei buruz ezin dut gauza handirik esan, momentuz. Hala ere, oso pozik nago zuzentzea egokitu zaidan lantaldeagaz.
Pelikula osoa Bilbon filmatuko duzue? Hasiera batean, pelikularen zati bat Madrilen filmatzea aurreikusi genuen; baina azkenean, produkzioko hainbat konturengatik film osoa Bilbon egitea erabaki genuen. Gainera, bertan aurkitu ditugu "70 binladens" filmatzeko lekurik egokienak. Filmaketak zazpi aste iraungo du eta Bilbon grabatuko ditugu eszena denak.
Bertoko lagunek ere parte hartuko dute filmaketan? Bai noski! Figuranteak bilbotarrak izatea da gure asmoa; batez ere filmaketa-lanak egingo ditugun auzoetakoak. Barruko eszenak Bilbo erdialdean egingo ditugu; kanpokoak, berriz, hainbat auzotan izango dira. Horrek tokian tokiko bizilagunek ere parte hartzea eskatzen du; izan ere, hainbat astez enbarazu egiten egongo garenez, niri beti gustatzen zait bertokoak filmera erakartzea; beti ere gura badute, noski.
Agian, aurreratzen ari naiz; izan ere, produkzioko kontu bat da. Baina garai batean "Gernika" filmagaz egin genuen bezala, oraingo honetan ere figuranteak aukeratzeko castinga egingo dugu Bilbon. Laster emango dugu data horren berri. Lehenik eta behin, barruko eszenak grabatuko ditugu, eta horien ostean kanpokoak.
Noiz hasiko zarete filmatzen? Martxoko lehenengo astean. Oraindik ezin dizut data zehatzik esan; izan ere, lekuak gora eta behera, aldatuz doa filmaketaren hasiera-data. Bitartean, ziurta diezazuket apirilaren amaierara arte egongo garela Bilbo erdialdean eta hainbat auzotan grabatzen; izan ere, erdi-erdian daukagu Aste Santua. Bestalde, pelikula ikusteko aukera noiz egongo den? Auskalo! Banatzaileen eta ekoizleen artean erabaki ohi dute film bat pantailara eramateko datarik egokiena zein den. Eurek erabakiko dute zein den garairik onena. Hala ere, eskatzea libre da: niri gustatuko litzaidake urte honen amaieran edo hurrengo urtearen hasieran plazaratu ahal izatea. Filmaketari dagokionez, "Gernika" pelikulak baino lan gutxiago dauka.
"Bosque de sombras" eta "Gernika" filmakaz alderatuta zer dauka berri pelikula honek? Batetik, nik esperientzia handiagoa daukat orain film luzeak egiten. Bestalde, hiru pelikulen artean, "Gernika" enkargu bat izan zen. Horregaz ez dut esan gura nik sortutako ikus-entzunezko lantzat ez daukadanik; bizia eman nuen hura filmatzen eta nire "semetzat" daukat. Hala ere, "70 binladens" pelikulan hasiera-hasieratik ibili nintzen elkarlanean gidoilariakaz; eta tiraderatik atera genuenetik, urte bi igaro ditugu buru-belarri lanean. Itxaroten nengoen "semea" da.
Askotan esaten dut nire jatorrira itzultzea dakarrela film luze berri honek. "Bosque de sombras" pelikularen antza badauka: batzuetan gogorra, besteetan hotza, musika gutxigaz... Lehen esan dudan moduan, ohitura zaharrei jarraituz egindako thrillerra. Niri horrelako filmak ikustea gustatzen zait.
Koldo Serrak bere estiloa dauka pelikulak filmatzean? Ez dakit nik esan beharko nukeen... Imajinatzen dut, onak edo txarrak izan, zuzendari guztien eskua nabari daitekeela euren lanetan. Ez dago beste zinema-zuzendarien lana imitatzeko beharrik; nik ezin izango nuke. Film bati zelan aurre egin, horren planifikazioa eta istorioa kontatzeko modua barru-barrutik ateratzen dira.
Ikustea gustuko duzun horrek eragina dauka film bat edo beste egitea erabakitzeko orduan? Bai noski! Gustuko dudana edo zuzendari legez motibatzen nauena filmatzen ahalegintzen naiz. Hala ere, adibidez, telebistarako lan egiten dudanean, askotan gustuko ez ditudan generoak lantzea egokitzen zait; ogibidez zuzendaria zaren heinean esperientzia hartzea ezinbestekoa da. Askok artisautzat jotzen dituzte edozein generori arrakasta handiz aurre egiten dieten zinema-zuzendariak; niri izugarri ederra iruditzen zait hori. Argi izan behar dugu hau lanbide bat dela eta urteak aurrera joan ahala ikasten goazela. Argi dago lagungarria dela gustuko duzun zer edo zer egin ahal izatea; hala ere, landu gura ez nukeen generorik ez dago. Musikalak ere gustura egingo nituzke.
Film laburrak egiten hasi zinenean pentsatzen zenuen hiru film luze egiteko aukera izango zenuela? Baietz pentsatu gura dut; imajinatzen dut honetan hasten garen denok amesten dugula noizbait film luzeak zuzentzeagaz. Hala ere, zintzotasun osoz esango dizut orain arte hitzik ipini ezin izan diodan gauza bat: nire hirugarren film luzeagaz hasi naiz sentitzen benetako zinema-zuzendaria naizela. Honaino heldu arte asko dira egin ditudan film laburrak, iragarkiak, telesailak...; baina, tira!
Horrek guztiak gogora ekartzen dit zinema-aretoan "Acción mutante" ikusi nuen eguna: espaziontziak eta gore-eszenak dauzkan zientzia fikzioko maisulan hori begien aurrean neukala pentsatu nuen: Erandion eta Errege Bardeetan egin du Bilboko morroi batek. "Egingarria da", esan nion neure buruari. Badakit ez dela erraza: hamar urte igaro ziren nire bigarren film luzea den "Gernika" egin nuen arte.
Zinema-munduan helburu zehatzik badaukazu? Beti esan izan dut nire lanaz orain arte bezala bizitzea gustatuko litzaidakeela. Iragarki eta telesail asko egiten ditut askotan; baina, nire ustez, ikus-entzunezko formatu guztietan ikasten da zer edo zer. Zuzendari-lana da nirea; egiten jarrai dezakedan bitartean, ni pozik! Ez dut ukatuko film luze gehiago egitea eta horietako baten bat ona izatea gustatuko litzaidakeela. Zahartzarora heldutakoan, asebeteta egongo nintzateke horrekin. Ez daukat sarien premiarik. Gustuko lana eginez bizi ahal izatea sari nahikoa da niretzat.